ana galarraga aiestaran
Elhuyar zientzia

Eraikitako ezjakintasuna

2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Ibai Atutxa Ordeñanari zor diot eraikitako ezjakintasunaren kontzeptua. Durangoko Azokan, euskal pentsamenduari buruz Jakinek antolatutako mahai inguruan azaldu zuen egunkari honek jaso zuenez ondorengoko kronikan: «Euskal sorkuntzari eta pentsamenduari buruzko ignorantzia produzitu egiten da, esktrukturalki».

Kontzeptua baliagarria da AEBek arlo zientifiko-teknologikoan hartu duten jarrera definitzeko. Ez da Trump eta gobernukide batzuk ezjakinak direla (eta horregatik ukatzen dituztela txertoak eta klima aldaketa, adibidez); baizik eta ezjakintasuna eraikitzen ari direla.

Eta gizarte kapitalistetan dirua da bitarteko nagusia. Hala, herrialdea Osasunaren Mundu Erakundetik eta Parisko Hitzarmenetik atera ondotik, AEBetako Gobernuak bertan behera utzi ditu ikerketa zentroetara bideratutako diru laguntza federalak eta bekak. Nature aldizkari zientifikoaren arabera, horrek «kaosa» eragin du zientzia eremuan.

Zientzialariek oraindik ez dakiten arren erabaki horrek zer ondorio izango dituen, kalteak «kalkulaezinak» izango direlakoan daude. Gobernuak oztopatu egin nahi ditu ikerketan dibertsitatea bultzatzeko egitasmoak, eta «genero-ideologia» delakoarekin zerikusia duen oro.

Ezjakintasuna eraikitzeko beste bide bat ideia trukea galaraztea da. Jarduera zientifikoak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da ikertzaileek elkarren artean ondorioak eztabaidatzea. Bada, Trumpen gobernuak biltzarretarako eta formaziorako laguntza guztiak eten dizkio ikerketa biomedikoko munduko instituzio publiko handienari: NIHri.

Horrez gain, bere egia fabrikatu eta txertatu ere egin du AEBetako Gobernuak. Besteak beste, adierazi du generoa asmakizun bat dela, eta bi sexu daudela: maskulinoa eta femeninoa. Hori omen da «egia zientifikoa». Alde batetik, zientziari ateak ixten dizkio, eta, bestetik, zientziak duen autoritatea baliatzen du bere erabakia justifikatzeko.

Nahiz eta zientzian sailkapenak oso erabilgarriak diren, biologoek ederki dakite gorputza, gametoak eta kromosomak ez direla sartzen bi aukera itxietan. Are gehiago, sexua espektro modura definitzen dute zientzialari askok. Bestalde, pertsonongan, naturak baino are eragin handiagoa du kulturak, ia denean. Trumpen gobernuak, ordea, horren guztiaren gainetik jauzi hirukoitza eginda, dokumentu ofizialetan sexua adierazteko ataletik kendu egin du hirugarren aukera (besteak), eta berariaz jo du transen aurka.

Ezjakintasunaren eraikuntzan, egiak eta arrazoiak ez dute baliorik. Ikusteko dago nora eramango duen herrialdea estrategia horrek. Oraingoz, Trumpi presidente izaten lagundu dioten Silicon Valleyko buruek kolpe latza jaso dute, Txinak arriskuan jarri baitu haien adimen artifizialeko hizkuntza eredua. Horri aurre egiteko ez dirudi herrialdea ezjakintasunera bultzatzea izango denik estrategiarik onena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.