BC3ko ikerlariak

Erabakiak hartzeko jolas serioak

Ambika Markanday eta Itxaso Ruiz
2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

Mendebaldeko Mediterraneo itsasoak aldaketa ugari pairatu ditu: klima aldaketa, lurraren erabileraren aldaketa eta ingurumen eraldaketa esanguratsuak izan dira aldaketa horien errudunak. Eraldaketa horiek oso lotuta daude XX. mendearen bigarren erdian gertatu zen landa exodoarekin; izan ere, hori funtsezkoa izan da Mediterraneoko kostaldearen desertifikazioan, baso suteen arriskua eta ur eskasia areagotu dituelako. 

Horren arrazoi nagusia da jarduera ekonomikoak kostaldeko eremuetan kontzentratzen eta pilatzen direla gehienbat, eta barrualdean dauden eta batez ere iraganean landatzen ziren basoak gehiegi trinkotzen direla. Hala ere, basoek uraren zikloan duten eraginaren inguruan egin diren ikerketak oso adierazgarriak dira, eta uraren zikloari dagokionez sortzen diren erronka horiei aurre egiteko laguntza eskaintzen dute.

Basoen kudeaketa

Azken urteetan argitaratu diren teoria berrien arabera, basoek eragin positiboa izan dezakete uraren zikloan: mendebaldeko Mediterraneoan, adibidez, basoek tokiko euria sustatzen omen dute, bereziki udan, klima lehorragoa denean (Millan et al., 2005, 2014). 

Horrela azaltzen dute ikerlariek uraren eta basoen artean gertatzen den prozesua: itsasoko brisak kostaldera iristen direnean, hezetasunez kargatzen dira zuhaitzen ebapotranspirazioari esker. Horren ondorioz, astunagoak egiten dira, eta arro buruko mendiekin talka egiteko joera handiagoa dute: prozesu horrek euria eragiten du. Teoria hori oinarri gisa hartuta, basoa maneiatzeko edo kudeatzeko estrategiak bultzatu dira, desertifikazioari aurre egiteko eta uraren zikloa gehiago ezagutzeko.

Desertifikazioari aurre egiteko estrategiak jada gauzatzen ari dira Espainian, Terueletik gertu kokatzen den Mijares ibaiaren arroan, hain zuzen ere. Hala ere, ikerlarien artean oraindik zalantzak daude estrategien inpaktuei dagokienez eta horiek aplikatzeko modurik egokienari buruz. Ikertzen jarraituko dute, hori gehiago zehazteko.

Simulazioaren jokoa

Argitu gabe dauden zalantza horiei aurre egiteko, benetako egoerak eta elkarrizketak simulatzen dituen joko bat garatzen ari dira, tartean dauden toki erakundeen artean erabakiak lankidetzan oinarrituz hartzeko eta hori sustatzeko. Mijares ibaiaren kasuan, parte hartzaileek rol desberdinak hartzen dituzte beren gain; hala nola nekazariak edo industriako ordezkariak, eta baso erabilerari eta uraren kudeaketari buruzko negoziazioak simulatzen dituzte. 

Simulazioan oinarritzen den joko horretan, lankidetza lehenetsita hartuko dituzten erabakiak planteatzen dituzte, denak hipotesiak, noski, eta haien artean komentatzen dituzte. Partaidetza ikuspegi horrek tresna baliotsua eskaintzen du ziurgabetasunak ulertzeko eta baliatzeko, klima aldaketaren aurrean erabaki bidezkoagoak eta malguagoak erraztuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.