Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Eperra harrapatu ezin, eta zorabiatzen

2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Indarberriturik hasi du bigarren denboraldia iazko ikasturtean hainbeste momentu gogoangarri —eta hainbeste belarriko min— eskaini zizkigun ETB1eko Kantuan saioak. Denboraldi bakarrarekin nahikoa ez —gogoratu emanaldi bakarrarekin joan daitezkeela etxera egun telebista saioak gurean—, eta bigarren denboraldi batekin egiten digute orain mehatxu. Eta hitz egin genuen Kantuan saioaz maiatz aldera estreinatu zutenean: ustez ezezaguna den jendeak ustez ezagunak diren abestiak kantatzen ditu lehiaketa ez den lehiaketa moduko batean.

Bereziki pasiorik eta beste ezer berezirik altxatzen ez digun saio bati zergatik eskaintzen diogu, bada, bigarren zutabe bat? Zergatik heltzen diogu berriz, zein du aurrerapausoa? Lehiaketa. Oraindik ere, talentu berriak dituzte jende ezezaguna, baina baita jende birziklatua ere. Oraindik ere, abestiak diuzte akitzeraino ezagun-errepikatuak, baina baita edozein fonotekatan sekula egon beharko ez luketenak ere. Eta horiek gutxi balira bezala, Euskal Herriko abeslari onenaren bila abiatu behar dugu aldi berritu honetan. Emozioa, tentsioa, urduritasuna. Kiloka, seguru. Ikasturte zirraragarria daukagu aurretik.

Lehenengo saioa terriblea izan zen: 25 lehiakide pasatu ziren bata bestearen atzetik, casting moduko batean, bakoitzak minutu bateko tartea zuela —kantua bukatzeko betarik ere ez—— arre edo iso erabakitzeko. Guztira, bi orduko emanaldia. 25 lehiakide 25 minutu kantuan; gainontzeko denbora nola bete zuten orduan? Bada, lehiakideen aurkezpenekin —ez dakit nongoa, ez dakit zenbat urte—, epaileen zuku gutxiko juzkuekin, eta senideen gelako intimitatearekin. Eperra harrapatu ezin, eta zorabiatzen, alegia.

Eta ez, oraindik ez dugu bukatu. Bada gauza gehiago. Kantuan prest izeneko saioari ekin zioten asteartean: Kantuan lehiaketaren azken atalean gertatzen den guztiaren berri emango digute, lehiakideen saioak, epaimahaikideen iritziak, agertoki gaineko unerik hunkigarrienak, sor daitezkeen liskarrak. Larunbatetako galak ez direnez aski tortura —Europak ere kondenatuko ditu etorkizunean—, egunero sufritu beharko ditugu errepikapenak, tertuliak, bueltak eta bueltak eta bueltak. Galako ezustekoak, sorpresak komentatzeko saioa izango omen da. Halako saioetan dagoeneko ezustekoak, sorpresak jazo ahalko balira bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.