Elikadura. Eko-tik

Emakume ekobaserritarrak

2013ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Emakumeek elikatzen dute gizateria. Historian, emakumeek berebiziko garrantzia izan dute komunitatearen elikadura bermatu ahal izateko. Oraindik ere, Hegoaldeko herrialde gosetuetan, janari ekoizpenaren %60 eta %80 artean (munduko ekoizpen guztiaren %50) emakumeen esku dago. Munduan baserritarren kolektiboak biltzen dituen Via Campesina koordinakundeak aldarrikatzen duenez, emakumeak arduratu dira betidanik etxea gobernatzeaz, pertsonak zaintzeaz, familia elikatzeaz, ortuko mozkinak saltzeaz eta baita haziek bizirik irautea bermatzeaz ere. Baina begira zer paradoxa: nekazaritzan eta elikaduran duten eginkizuna garrantzitsua izanagatik ere, herrialde txirotuenetako emakumeek eta haurrek pairatzen dute gehien gosea.

Beste herrialdeetan bezala, Euskal Herrian emakumeek baserrian garrantzi handia izan dute, eta hala da gaur egun ere. Munduan zehar gertatzen den eran, hemen ere emakumeak baserrian duen egitekoa itzalpean mantendu da, orokorrean ustiategien titularitatea gizonen izenean egon izan baita. Etengabeko hazkundean den nekazaritza ekologikoa bidea ematen ari da joera ezkor horri buelta emateko. Izan ere, baserritar ekologiko berrien profila ikasketa maila altuko emakume gazteek osatzen dute.

Etxaldearen kudeaketa beti izan da emazteen betebeharra, nahiz eta, nolabait esateko, isilpeko lana izan den. Azken urteetan, ordea, berezkoa duen protagonismoa berreskuratzen ari da emakume baserritarra. Itziarko (Gipuzkoa) Mirian eta Nerea Arrizabalaga Elorza ahizpa ortugileak dira adibide bat; Lohitzuneko (Zuberoa) Anita Duhau abeltzaina beste bat. Itziartarrek baserriko bizimodua jaiotzatik ezagutu dute, familiako Doniene Berri baserrian: «Gu ume ginela baserrian denetik egiten zen: esne behiak zeuden, ortua, oiloak, sagarrondoak, txerria... baina lanari errentagarritasuna ateratzeko, aukeratzen joan behar izan zen. Gizonak animalien kargu egiten ziren batez ere, eta haiek industrian lanean hastean ortuak hartu zuen indar handiagoa, emakumeen esku baitzeuden bai ortua eta baita baserriko produktuen salmenta ere».

Anita Duhauk, berriz, argi du zein den emaztearen eginkizuna etxaldean: «Bizitzan bezala, nahiz eta gizona izan lehenplanoan, emazteek dute haria atxikitzen, isilean. Etxaldearen administrazioa emazteen esku izan da beti». Hala ere, Duhauk frogatu beharra izan du abereak gobernatzeko gai dela. «Iparraldean ez dira azienda asko emazte bakarraren esku daudenak. Emazteak gizon batek bezala egin dezake; argi dago indarfisiko aldetik emazteok gutxiago dugula, baina moldatzen ahal da. Gainera, mutil bat insta-latzen delarik, badu konfiantza. Emazteak, aldiz, konfiantza hori irabazi egin behar du». Duhauk 13 urte daramatza Pedronia etxaldea kudeatzen: ahuntzeta behien esnearekin gasnak egiten ditu, eta bere ekoizpena zuzenean saldu. Horrez gain, zenbait oilo eta ortu zatitxo bat ere badu.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.