Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Elkarrekin

2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Iruñeko Ez San Ferminak hasteko egun gutxiren faltan ez dut topatu festa usainik bertako karriketan. Katakrak, Ezpeleta eta Kondestablearen jauregiaren artean ikusi dut mugimendua. Reyes Ilintxeta Euskalerria Irratiko kazetaria ibili da atzera eta aurrera mikrofonoa eta grabagailua eskutan hartuta. Udako Euskal Unibertsitatearen Iruñeko ikastaroek sortzen duten erritmoa da eta Euskalerria Irratiak urtero egiten dio UEUren ikastaroei jarraipen zabala.

Azken bi urtetan ezin izan dute zuzeneko irratsaiorik egin ikastaroak dauden lekutik bertatik. Iaz pandemiagatik eta aurten Irrintzi Dorrean egiten ari diren lanak direla eta, estudioa bikoiztuta dutelako eguneroko jardunerako. Euskalgintzako bi eragile elkar lanean ikustea pozgarria da, UEUren ikastaroetako lanak dioen bezala Elkar Ekin. Irrati uhinen bidez zabaldu dute Iruñerrian Euskalgintza eta Ekonomia Sozialaren, Udako Bertso Eskolaren edo Nafarroako konkistaren testuinguru eta ondorioen berri. Ea datorren urtean berriz ere ikastaroetatik bertatik zuzeneko saioak egiteko aukera duten, horrek ere izaten baitu bere xarma ere.

Elkar ekiten ere abilak dira Arrosa Irrati Sareko irratiak ere. Euskal Herriko irrati libreak elkartzen dituen sareak 20 urte bete berri ditu. Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren baitan, duela 20 urte elkartu ziren lehen aldiz Arrosan eta irrati sareak herriaren izen bera hartu zuen. Irratsaioak elkartrukatzeaz gain elkar lanean osatzen dute Zebrabidea magazina ere. Arratsaldero jasotzen dugu Zebrabidea gurutzatzeko gonbidapena. Batzuetan aldeetara begira eta beste batzuetan saioak ematen digun konfiantzagatik errepiderik gurutzatu gabe gurutzatzen dira marra zuri beltzak. Irratsaio batean ditugu Euskal Herri osoko irratien artean egindako tarteak. Beste edozein saiotan nekez topatuko genuke horrelako aniztasuna. Gai askori eta desberdinei buruzko kolaboratzaileek, tertuliek eta elkarrizketekin osatzen dute Zebrabidea eta Arrosa irrati sareko gainontzeko irratiek ere egiten diote ekarpena. Baina ez da irratietako grabaketak jartzen dituen irratsaio hutsa, bestela podcast-ak entzutea izango bailitzateke. Bolada batez parte hartu nuen bai Arrosan eta baita Zebrabidea-n ere, euskal irratigintza beste perspektiba batetik begiratzen ikasi nuen. Euskal irrati ekosistemaren lagin bikaina da Zebrabidea, Arrosa Irrati Sareko kideek elkarrekin egiten dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.