Elikadura. Eko-tik

Ekoizpen ekologikoa, dantzan

2014ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Sektore dinamikoa da laborantza ekologikoa. Etengabe errealitate berri eta konplexuen aurrean doitu behar izatearen poderioz etengabe paradigma berriak proposatzen dituena. 80ko hamarkada hasieran, friki bakan batzuk ziren ekoizpen eta kontsumo eredu hori aldarrikatu eta praktikatzen zutenak. Hamar urte geroago, hasierako bizpahiru haiek ikusgarritasuna zeukan gutxiengo bat bilakatuak ziren. 1992an, Europako ekoizpen ekologikoaren lehenengo araudia —2007an eguneratu zena— eta ekintza planak onartu ziren. Harrezkero, ekoizpen eta kontsumo ekologikoek esperotako ibilbidea izan dute, urtez urte %10etik gorako hazkundeak mantenduz.

Martxoaren hasieran, Dacian Ciolos Europako Nekazaritza komisarioak ekoizpen ekologikoaren araudia berritzeko proposamena aurkeztu zuen. Haren esanetan, eredu ekologikoa «arrakastaz hiltzeko» arriskuan egotera irits daiteke. Izan ere, gehitu zuenez, ekoizpenak ezin du eskaria ase, eta gabezia horri aurre egiteko ekoizpen baldintzak lasaitzeko joera hartuz gero, zaila izan liteke eredu ekologikoak aldarrikatzen dituen onurak «benetan» bermatu ahal izatea, ereduaren sinesgarritasunaren kaltetan. Horregatik, araudi berria «printzipioetan oinarrituta» egongo dela azpimarratu zuen, eta eredu ekologikoarekin erabat bateragarriak ez diren puntuak eta salbuespenak desagertuko dira.

Aurkeztutako proposamenak sektorearen barruan adostasun zabala lortuko zuela pentsa badaiteke ere, iragarpenak, ilusioa sortzeaz gain, kezka ere sortu du. IFOAM mundu osoko nekazaritza ekologikoko mugimenduak batzen dituen erakundeak txalotu egin ditu proposatutako zenbait neurri, baina ardura ere agertu du. Erakundearen irudikoz, indarrean jarri nahi diren zenbait neurri, nekazaritza ekologikoaren garapenean laguntzeko baino gehiago, kalterako gerta daitezke: sektorea ez dago prest maximoetan oinarritutako araudi bat indarrean jartzeko. Araudi proposamen berria gauzatzeko, ikerketan askoz baliabide gehiago jartzea eta borondate politiko argia izatea ezinbestekoa izango dela azpimarratu du IFOAMek. Are gehiago, erakunde horrek aditzera eman du egun indarrean den araudiak oraindik ere garapenerako tarte handia daukala, eta ez dela desiragarria urte gutxiren epean araudiak aldatuz joatea, batetik besterako doikuntza ez delako izaten azkarra. Zerbait ona du ekoizpen ekologikoak: etengabe moldatzen ari den eredua da. Printzipioak argiak dira; errealitateak jartzen ditu mugak. Zorionez, borondatea izanda, errealitatea ere molda daiteke.

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.