santi leone
Maratila

Ekialdeko erresuma

2013ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Octavio Cortésen azken liburuaren titulutik aterea dirudien idazle bati irakurri diot berriki W. G. Sebald duela autore fetixa. Etorri den tokitik etorrita, adierazpen hori da Julio Iglesiasek Marilyn Manson gurtzen duela erranen balu bezala: beharbada egia da, baina lehenaren lanean neketan aurkituko dugu bigarrenaren eraginaren arrastorik (aipatu bietarik edozein bikotez ari garela ere).

Nolanahi ere, Sebalden aipuak gogora ekarri dit behin lagun batek errandakoa: alemanez idazten dutenen artean, austriarrak dituela gogokoen, erdigunetik urrun ibiltzen direnak alegia (eta, bai, Sebald alemana zen, baina Bavariakoa, eta Ingalaterran bizi izandakoa, eta, hartara, franko periferikoa). Eta, zer nahi duzue, lagunaren oharra gustatu zitzaidan, zeren, aspaldi Jon Alonsok Nafarroa Sizilia dela defendatu arren, nik uste baitut Austria dela gure alter ego-a.

XIX. mendean, gainera, Humboldtek ere horrela ikusi bide zuen: euskaldunen lurraldean Vaskenland zen, alemanena Deutschland zen bezalaxe, ez batak ez bertzeak estatu bateratzailerik eduki ez bazuten ere. Baina, panbaskismo hori gorabehera, Nafarroa kanpo utzi zuen Die Vasken famatuan. Europako erdigunean bezala, hegoalde honetan ere das …sterreich, ekialdeko erresuma alegia, katolikoegia idurituko zitzaion, ustelegia, dekadenteegia. Nafar estatuak, beraz, ez zuen sobera liluratu maisu prusiarra, ezta ni ere: oraindik ere hiru -egi negatibo horiek (nork erran du gaitzak ez duela atzizki hori onartzen?) atxikiak baitaramatza.

Horren trukean, nire lagunak bezala, ekialdeko idazle batzuk ditut gustukoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.