Mirari Martiarena Iraola.
PLAY ETA ENTZUN

EITB Podkast

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Gutxi gorabehera gogoratzen dut noiz eta nori entzun nion lehen aldiz podcast hitza. 2004an izan zen, kazetaritza ikasten hasi nintzen lehen urtean eta klaseko lehen asteetan. Gorka Palazio irakasleak esan zigun irratigintzaren etorkizuna podcastak izango zirela. Bakoitzak bere irratia diseinatu ahalko zuela, norbere programak etxean egin eta zabaldu, beste irratietako edukiak hartu eta gure programazio propioa sortu, irratia nahieran. Ez dakit askorik ulertu genion, baina, urteak pasatu ahala, gure buruan ulergaitza zena egunerokoan ikustera iritsi gara.

Non bukatzen da irratia eta non hasten da podcasta? Zer desberdintasun dago irratsaio baten eta podcastaren artean? Baten batek esango du irratia zuzenekoak dela, podcastak grabatutakoak direla. Irrati tradizionaletan askotan entzuten ditugu grabatutako saioak, eta, askotan, ez gara konturatzen; beraz, ez da hori desberdintastuna. Eta geroz eta zailagoa da muga zein den definitzea, ezinezkoa ez esatearren.

Eta muga horren marra hain fina den honetan aurkeztu zuten duela hilabete EITB Podkast. Bost arlotan antolatutako aurkezpen dotorea du webgneak: jakintza, bizitza, musika, kirola eta aisia-fikzioa. Gai bakoitzak du bere azpiatala, eta, batean eta bestean klik eta klik eginez, mundu desberdinetan barneratzeko aukera ematen dizu. Bakoitzaren zaletasun eta gustuen araberako orduetako programazioa osa dezakezu. Eduki asko dago eskuragarri; kuxkuxean ibili, eta ezusteko asko hartu ditut, bereziki aspaldiko perlei lotutakoak.

Topatu ditut EITBko irratietan egiten diren saio eta elkarrizketak, eta baita saio berriak ere.

Ainara Lasak, Amagoia Gurrutxagak, Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek sortutako Lokatza podcasta, adibidez. Umetan esaten zigutenaren aurkakoa egitera eramaten gaitu saioak, lokatzarekin zikintzera, jolastera, esperimentatzera, eraikitzera. Hiru ataletan entzun ditugu ahotsa, epika eta desioa lokatzetan, pentsamendu feminista narrasean. Lokatza zerbait eraikitzailea eta norbere barne lohiak garbitzeko elementua dela ikasi dut orain arte, eta zain nago datozen saioak ere entzuteko.

Gose pizgarri bat ere ekarri digute: Artxipelagoa fikzioa. 2103. urtera eramango omen gaituzte, Euskal Artxipelagoa izeneko uhartedirara. Ikasturte berrira itxaron beharko dugu distopia horretaz gozatzeko, baina aurrerapenean aktoreen ahotsak eta soinu efektuekin egindako muntaketa entzunda, euskarazko irrati nobela horren gosea handitu besterik ez zaigu egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.