Elikadura. Eko-tik

EHKOlektiboa, urrats bat aurrera!

2013ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Hunkigarria eta esanguratsua izan zen EHKOlektiboaren VI. Topaketetan izan genuen parte hartze handia. Zuberoako Irabarne herriko jauregian ehun pertsona pasatxo bildu ginen!

Azken hemezortzi hilabeteetan egin den lanaren ondorioz, EHKOlektiboak egiten duen proposamena landu eta onartu zen azken topaketa horietan. Zeintzuk izango dira EHKOk izango dituen lan esparruak? Zein motatako identifikazio tresna aukeratuko dugu? EHKO elkartea sortuko dugu?

Irizpideetan sakondu, identifikazio tresna gehiago landu, agroekologia lantzen jarraitu… asko daukagu egiteko, baina aurten Europako FEDER diru funtsen POCTEFA programaren laguntza izan dugu, eta BLE eta ENEEKren partetik izan dugun bultzada dela medio, egindako lanak abiapuntu trinko bat eman dio kolektiboari. Hiru helburu nagusi finkatu ditugu: Euskal Herri osoko laborariak elkartzea; agroekologia definitu eta lantzea; eta Etxaldeak identifikatuko dituen identifikatzaile bat martxan jartzea.

Gure gizartearen elikadura burujabetza eta etxaldeen autonomia indartu eta handitu nahi baditugu, ezinbestekoa dugu gure probintzietatik haragoko laborariekin kolektiboan, elkarlanean egitea. EHKOren dinamikan parte hartu duten berrehundik gora baserritarrek gogorarazten dutenez, elkar ezagutzea eta elkar entzutea zein garrantzitsua den nabarmendu behar da. Askoren aburuz, elkar ezagutzea identifikazio tresna martxan jartzea baino baliagarriagoa izan da!

Hala ere, batzen gaituen eta nortasuna ematen digun etxaldearen identifikatzaile kolektiboaren beharra ez da zalantzan jarri. Horretan ere, noski, giza balioak dituen tresna agroekologiko bat nahi dugu, eredu sozioekonomiko eraikitzailea eta ondasunen banaketa sustatuko duena. Gure identifikazio tresnak Euskal Herriko eredu bio-ekologikoa, etxaldekoa eta herrikoia egiten duten etxaldeak identifikatuko ditu. Eredu industrial esportatzaile handiez desberdinduz, bertako ekoizpena bertako kontsumoarentzat bermatuko duena.

Horrela, Europako araudi ekologikoari, ekoizpen ereduaz gaineko irizpide ekologikoak, sozioekonomikoak,bertakotasunezkoak eta kulturalak gehituko dizkio EHKOren identifikatzaileak. Laborariak kolektibo horren gidari dira, eta bertako kide izanik, beren etxaldea osotasunean identifikatuko dute. Gertutasuneko komunikaziorako pentsatua izan da, herritarrekin harreman zuzena eta komunikazioa ahalbidetu eta bultzatuko dituen bidea jorratu nahi dugu.

Horri guztiari antolaketa eta egitura bat emateko, urrats bat aurrera eginez, Euskal Herri mailako elkarte bat sortzeko pausoak ematen hasi gara.

@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK- Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.