Eguberri hauetako irakurketarekin jarraituz, gauza batek eman dit atentzioa Pascual Serrano kazetariaren hitzaurrean: oro har hiritarrak prentsarengan duen konfiantzaz ari dela, aipatzen ditu telebistan eguraldiari eskainitako tarteak. Eta argitzen digu hainbat egunetan El Tiempo 1, hots, La1ko informatibo meteorologikoa izan ohi dela telebistan gehien ikusten den tartea, %20 inguruko ikusle kuotarekin. Gehien ikusitakoa, eta, Serranok ondorioztatu bezala, ikuslearen begietara telebistako espaziorik fidagarriena —garai batean, sekula asmatzen ez zuelako, burlarako motibo izaten zena—.
Tira, sumatzen genuen kontua, egia da, baina atentzioa eman dit intuizio zena paperean hain garbi finkatuta ikusteak. Egia da adibide are ageriagoak ditugula gure inguruan, ETBn bertan, esaterako, edo eguraldiari eskainitako tartearen aurretik iragarki parrasta sartzen duten beste hainbat katetan. Luze gabe, Euskaltelen kablea badaukazue, ezagutuko duzue Eguraldia 24; etenik gabe bazterrotako eguraldiaren berri ematen digun, ez telebista saioa, baizik eta telebista katea. Eguraldia ordu laurdenero! En fin, psikologoa bisitatzeko modukoa iruditzen zaidala.
Eguraldiarekin jarraituz, Mario Picazo. Programa estreinatu du urte luzez hainbat katetan aritu den eguraldi gizonak. Climas extremos du izena, eta eguraldia, edo hobeki, klima ikuskizunera ekartzeko ahalegina iruditu zait. Asteazkeneko lehen saioan, munduko herririk hotzena bisitatu zuen, Siberiako Oymyakon, zero azpitik 50 graduko tenperaturarekin bizi den jendea. Protagonismo handia eguraldi gizonak; dibulgaziotik gutxi du, eta ikuskizunetik asko saioak. Ikuskizuna, eta tarteka eskasa: vodkarekin etengabeko graziatxoak, etxetik kanpoko esperientzia komunak, izotz puska bat altxatzen euskaldunen antzera, vodka, afrodisiakoa eta gizonak, ez dela konbinazio oso ona esanez. Ginga gisa, txinatar esaten dio hasieran gero Serguei izena izan eta bere interpretea den gizajoari.
Baina apunte bat izan nahi zuen zutabeak, orokorrago, eguraldiaz. Mikel Peruarenari lapurtu diodanez izenburua, bukatu nahi nuke beste idazle bati, Hedoi Etxarteri lapurtuz aipua: «Denak ari dira eguraldiaz, gu ez».
Baina iruditzen zait gu ere bai, edo gu besteen gainetik, ari garela eguraldiaz; inpresioa dut, eguraldiaz ari ez garenean ere.
Komunikazioa. Ekografiak
Eguraldiaz hizketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu