Elikadura. Hazkurri kontuak

Egunero fruta eta berdura

2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Egunean bost ale (400 gramo) aholkatzen zaigu baina euskal herritarrak 280 gramo kontsumitzen ditu.

Kontsumitzaileen elkarte espainiar batek argitaratu du ikerlan zabal baten emaitza: herri handietan komertzializatzen diren fruta eta berduren %5 bakarrik daude fresko, zukutsu, gozo, lurrintsu. Eta ia denak, aldiz, erakargarri: kolore polit, tamaina uniforme, akatsik ez… baina ez dira onak jateko. Horrelaxe. Etiketan horrelakorik agertzen ez bada ere, gehienak gezak, usaingabeak, uki eskasekoak dira.

Iruzurrak

Sagar ederra erosi, ebaki eta… erdialdean, hondatuta; kutxatxo bat marrubian gainekoak kendu eta, azpikoak usteltzen hasiak; Kanarietako bananak hartu eta, gas usaina, gozotasunik ez; azaloreak, zerbak… ez usain, ez zapore… Ikerlan horretako kontsumitzaileen %65ari ez zaizkio gustatu, ez gogaitu.

Hori al dugu biderik egokiena egunean bost fruta edo berdura kontsumitzera iristeko?

Fruta lurrintsu, gozo, zukutsuak errazago «harrapatuko» du kontsumitzailea. Hedabideek, arrazoi parte batez, landarezkoak jatea agintzen badigute ere, ez ditzagun nahas elikagaia eta sendagaia. Diziplina behar da jan-edanean: jaten dugunak sendatzeko balio behar duen arren, hazkurria ez da botika huts.

Industriak, berriz, bestelako ikuspegia du: barietate hau edo hura interesgarriak dira azkar edota ugari etortzen (hazten) direlako, izurriteen edo kazkabarraren aurreko erresistentzia handikoak izatearren, garraioa ederki nozitzen dutelako… Jatea-eta, hori ez da industriarentzat kezka izan. Orain arte. Industriak ekoizten ditu saltzeko helburuz, ez jateko jomugaz.

Beste aukerarik, ordea?

Bakarra, ez: elikagai ekologikoak heldu aurretik bildu ez direlako egiten, gehienak sasoiz kanpo ekoizten ez direlako, hazkuntza behartuan hazi ez direlako, hozkailuan umotu ez direlako… «Zero kilometro» izenekoak: lekuan lekukoak eta garaian garaikoak, alegia, denda txikian erosita, dendari zintzoak aholkatuko baitigu zer hartu, zer utzi…

Euskal Herriko zenbat sagar jan ditugu aspaldi honetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.