Aitor Renteria.
Baionako bestak. Analisia

Egokitzapena orekaren bila

2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Aurten, agorrileko eguzkiak ez ditu kalituko bestazaleak Baionan. Aspaldiko partez, Baionako bestak uztailean egitea deliberatu du herriko etxeak. Astebete lehenago, agorrileko turista uholdea saihestu eta karriketan bilduko den jendetza neurriari doituz. Horrela laburbildu zuen Martine Bisauta hautetsiak: menturaz jende «gutxiago», baina hobe kudeatzeko gisan. Interpretaziorako bertze bide bat irekitzen du; alegia, duela lauzpabost urteko jende uholdea, mugarririk gabeko enbata ezin daitekeela kudeatu. Aski da segurtasunerako erabili dirutzari so egitea agintarien kezka ulertzeko.

Besten aurrekontua 2,5 milioi euro da; laurdena, bederen, «segurtasuna» bermatzeko; atal horretan, zaindariak, osasun zerbitzuak, suhiltzaileak eta abar zenbatzen baitira. Aurrekontutik at daude Poliziaren gastuak. Abantzu aste betez ehunka dira Baionako karriketan eta inguruko errepideetan. Ordaintzen diren arren, ez ditu Baionak ordaintzen, estatuak baizik. Horra Baionako besten sarrera ez ordaintzeko arrazoi nagusia. Besta eremua itxiz eta ordainaraziz, besta pribatua litzateke, eta legez Baionak ordaindu beharko luke gastua. Kultur ekintzetan eta programan baino gehiago segurtasunean xahutzen duen eredu batek arazo bat du oinarrian.

Jean Grenet auzapezak eragile pribatuak lortu nahi zituen, herriko etxearen ekarpena txikitzeko. Alain Affleloux enpresari ezagunak gibelera egin du azken orduan, eta 500.000 euroko laguntza kendu, zezenketak programan sartu direlako aitzakian. Era berean, ekarpena egiteko eskatu die Grenetek ostaler eta elkarteei. Ordainketa sinbolikotik egiazko ordainketara emendatu dute kanpalekuen prezioa.

Bestalde, lehen egunaren bildumak ezbehar mingarri bat utzi du, 43 urteko gizon bat —landetakoa— bihotzekoak jota hil baita. Sorospen zerbitzuek 266 pertsona artatu dituzte, eta Poliziak hamar lagun atxilotu ditu, bortizkeria baliatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.