Agur bikoitza. EITBko irratiek emozioetarako aldartea eskaini ziguten ostiral goizez. Maite Artolak eta Dani Alvarezek azken eguna zuten, zazpi eta hamar urtez goizeko magazinen buru izan ostean. Aurrerantzean lo gehixeago egingo duela zioen Artolak, familiarekin gehiago gozatu ahal izango duela Alvarezek. Baina, batez ere, ezer ez dela amaitu gogoratu zuen lehenak. Egia biribila, geroztik bi irratietatik ahots ugari aditu ahal izan baititugu, eta horiekin batera makina bat kontu eta kantu airatu baitzaizkigu. Une hunkigarriak bizi ziren irrati estudioetan herenegun; biolinaren akorde tristeak, lankideen txaloak... Goraipamen ugari lantaldeari eta kolaboratzaileei, goizez egindako kazetaritzari... Halako zeremonia egitea eskatuko zuen aldarteak akaso, baina auto-omenaldi dosi handia eszenifikatu zen bietan. Formula idealik ez da asmatu, baina topa zitekeen Mikel Bujandak egin zuen lan uzte zurrunaren eta bi horienaren arteko hibrido duinen bat; apalagoa, ez hain gurtze pertsonalista.
Desio bat. Maite Artolak bere ordezko Iñaki Guridi aurrez aurre eduki zuen agurrean. Bazihoanak badatorrenari begira-begira jarrita, desio bakarra aitortu zion: genero berdintasunaren irizpidea onartu zen bezala, hizkuntza berdintasunarena ere ea aintzat hartzen duen hurrengo Jaurlaritzak, sailburu gehiago elkarrizketatu ahal izateko.
Beste desio bat. EITBk bi debate antolatu zituen bere telebistetan joan diren hauteskundeetan. ETB1n euskaraz hilaren 2an egin zen; biharamunean, Boulevard-eko tertulia politikoan ez zen eztabaidarako gaitzat jo. Aldiz, hilaren 7an ETB2n gaztelaniaz egin zen eztabaida gai nagusi bilakatu zen Boulevard-eko tertulian hurrengo goizean, hautagaien interbentzioekin laburpena egin ostean. Euskaldunak dira lehenengo tertulian parte hartu zuten hiru iritzi emaileak (Iñaki Iriondo, Juanjo Alvarez eta Nagua Alba), hots, ez zeukatela inongo arazorik analizatzeko bezperako politikoen eztabaida. Hortaz, zer dela eta ETB1n egindako eztabaida politiko batek ez du kabidarik REn? Zer dela-eta REren aldetik gutxiespen hori ETB1eko lankideei, eta batez ere euskarari eta hizkuntza funtzionala izateko bere gaitasunari? Boulevard-eko zuzendariaren aldaketak euskararenganako jarrera aldaketa ekar dezakeen ustetan segituko dugu irratia entzuten.
UHINETATIK TIRAKA
Desioak eta agurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu