Brandoliniren legearen arabera, «edozein gezur ezeztatzeko behar den energia kantitatea gezurra zabaltzeko behar dena baino askoz handiagoa da». Ez da lan makala, beraz, berri faltsuei eta desinformazioari aurre egitea.
Azken urteetan, sare sozialen garapenarekin batera, berri faltsuak eta desinformazioa zabaltzea asko erraztu da, baina desinformazioaren afera ez da berria. Adibideren bat jartzearren, 1835ean, New Yorkeko The Sun egunkariak historiako aurkikuntzarik esanguratsuena izan zitekeen gertaera bat zabaldu zuen. Sei egunez, hedabide horrek John Herschel izeneko matematikari eta astronomo ingeles batek egindako ustezko aurkikuntzaren berri eman zuen, bere teleskopio aurreratuari esker Ilargian bizitza adimendunaren ebidentziak behatu zituela zioena. Historia mintzagai izan zen nonahi, baita Yale bezalako unibertsitate ospetsuetan ere. The Sun egunkariaren artikuluak Andrew Grant doktoreak, Herschel-en laguntzaile eta erredaktoreak, Edinburgh Journal of Science aldizkarian egindako argitalpen batean oinarritzen ziren, baina bai Grant doktorea eta baita artikuluan deskribatutako aurkikuntzak ere, faltsuak ziren. Internet eta sare sozialik gabeko garai hartan historia unibertsitateetara iritsi bazen, imajinatu nora iritsiko litzatekeen gaur egun.
Arazoa izugarria da, eta zientzialariok ezin diogu arazoari bizkarra eman. Jendartearekin lotzen gaituen konpromisoak berri faltsuei eta desinformazioari aurre egitea eskatzen digu. Baina, nola egin ahal diogu aurre desinformazioari? Komunikazioa, pedagogia, gardentasuna eta pazientzia ezinbesteko osagaiak dira. Esfortzu izugarria eskatzen duen arren, zientzialariok kultura zientifikoaren zabalkuntzari denbora eskaini behar diogu; kultura zientifikoa sustatzea ezinbestekoa baita jendarte ahaldundu eta aurrerakoi bat lortzeko.
Bidea identifikatzen
Izugarriak dira epe labur eta ertainera gure gizarteak dituen erronkak, aldaketa klimatikoa kasurako. Arazo horri aurre egiteko, adibidez, ezinbestekoa izango da gure bizimoduan aldaketak egitea, modu jasangarriagoan bizitzera ohitu beharko baikara. Zientziaren eskutik etor daiteke arazoari aurre egiteko bideen identifikazioa, baina bide horiek hartzea guztion ardura izango da. Arazoak ulertu eta irtenbideak gure sentitzeko, komunikazio zientifikoa egiteko kanalak bermatu beharko dira; informazio zientifiko egiaztatua unibertsitateetatik eta ikerketa zentroetatik atera, eta kalera irits dadin.
COVID-19aren pandemiak irakatsi zigun ebidentzia zientifikoetan oinarritutako neurriak ezartzen direnean, ezinbestekoa dela komunikazio zuzen eta gardena. Jendeak gaitasuna du informazioa entzun, prozesatu eta ulertzeko. Beraz, informazio fidagarria eman diezaiegun, etorkizunean ebidentzia zientifikoetan oinarritutako erabakiak har ditzaten.