Plano finko bat, ikuspuntu bat eta kokaleku bakarra: proposamen narratibo eta formal ausart baina arriskutsu horretatik abiatuz, Robert Zemeckis-ek urteetan kokaleku beretik igarotzen diren pertsonen bizitzen istorioa azaldu du Here filmean. Prime Video plataformara iritsi berri den proposamen hori, bikaina ez izan arren, nahiko berritzailea iruditu zait. Zinema modernoaren film ikonikoenetako batzuen egilea denak —Back to the future, Cast Away eta Forrest Gump, besteak beste— ikusle mota guztientzako modukoa ez den esperimentu zinematografiko zinez ausarta osatu du.
Richard McGuireren izen bereko eleberri grafiko berritzailean oinarrituta, Zemeckis-ek erakusten du milaka urtean belaunaldi askoren bizitzak nola igarotzen diren leku bakar horretan; historiaurretik hasi —dinosauroak ere ageri dira—, eta gaur egun arte. Aktore protagonistak Forrest Gump filmeko berberak dira: Tom Hanks eta Robin Wright. Horiekin batera, Paul Bettany, Kelly Reilly eta Michelle Dockery ere ageri dira.
Kontakizun osoan erabiltzen den planoa finkoa da, ez dago mugimendurik, baina muntatze lanaren eta pantailan ikusten dugunaren artean osatu duen puzzlea oso hipnotikoa eta berezia da: hurrengo eszenari bide ematen dieten askotariko laukizuzen motak ageri dira enkoadraketan. Eszena horiek garai berekoak izan daitezke ala ez; batzuetan denboran atzera eta aurrera egiten du jauzi. Jarraipen kronologikorik ez dago, iragana, etorkizuna eta oraina tartekatzen dituen ispiluen labirinto bat baizik. Nahasgarri samarra hasieran, baina oso bitxia.
Asmo artistikoak soilik kontuan hartzen baditugu, Here artelana da, baina esperimentu liluragarri horrek, ordea, 104 minutu irauten du, eta denborak aurrera egin ahala hasten dira arazoak: aho zabalik geratzeko moduko planteamenduak apurka indarra galtzen du. Proposamen berritzaile horren barruan ageri diren zenbait istorio nahiko monotonoak dira, estereotipatuak, eta guztia apur bat erredundantea bihurtzen da; eragin emozionala galtzaile ateratzen da.
Ez da film biribila, inondik inora ere, baina Zemeckis-ek ausardiaz jokatu du, eta hori oso eskertzekoa da. Denborarekin eta espazioarekin dugun harremanaz hausnartzera gonbidatzen gaituen oso film interesgarria da.