Xabier Etxaniz Rojo.
Donostiako Aste Nagusia. BADIATIK

Datorren urtean bai

2017ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Horra nire lagun Felixek eta biok urtero errepikatzen genuen leloa. «Datorren urtean jaitsiko gara». Baina hurrengo urtean, jaitsi beharrean, berriro igotzen ginen Apaizen pasealekura Piraten Abordatzea ikustera…

Urtero.

Has nadin, baina, hasieratik. Eta, egia esan, hasieran nire lagun Felixek eta biok ez genion etorkizun handirik ikusten piraten kontu hari.

«Piratak? Donostian? Ez du funtzionatuko…»

Etorkizunik ez, baina bazuen logikarik. Azken batean, Bilbok konpartsak zituen, Iruñeak peñak, Gasteizek neskak eta blusak… Donostiak, ordea, ezer ez eta festa. Hondartza eta turista mordoa, su-festak eta marrubiarekiko izozkiak, buru-handiak ostiaka eta erraldoiak jirabiraka.

Ezer ez eta ezta festa ere.

Eta logika ikusten bagenion ere, hasieran ez genien kasu handirik egin piratei. Ez, ez ginen lehenengo abordatze xume hartan egon, ezta hurrengoetan ere. Geroago batu ginen, ohartu ginenean kontu hura hezurmamitzen ari zela. Piraten indar zentrifugoak erakarrita batu ginen, txaloak jotzen hasieran, trago batzuk hartzen La Flamenkan geroago, portuko flashmob-ari argazkiak ateratzen eta txiokatzen… Oso era ñoñostiarrean, ezin uka…

Eta ezin ukatuko dugu, halaber, inbidiak urtzen geundela. Badira gauza batzuk 20 urterekin egin behar direnak eta badira gauza batzuk 45 urterekin egin behar ez direnak. Abordatze ero hura zoragarria zen baina, zoritxarrez, ezgaraian harrapatu gintuen.

«Bai, datorren urtean jaitsiko gara».

Iaz arte. Iaz jaitsi ginen.

Algarveko hondartza bateraino jaitsi ere, etzaulki batean gin-tonic bana edatera eguzkitako baten itzalpean.

Garaian garaikoa da bizilegea, eta guk jada ez dugu adinik…

Eta, gainera, nik ez dakit igeri egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.