Udazkenean sartuta gaude dagoeneko, pixkanaka egunak laburtzen ari dira, geroz eta argi gutxiago ematen digu eguzkiak eta tenperaturak ere freskatzen ari dira. Laster batean lehen izotzak botako ditu. Euskal Herriko baratzetan ere urtaro aldaketa antzematen hasia da. Egunotan azken tomateak, lekak, kalabazinak eta piperrak jasotzen ari dira gure baserritar kuttunak. Urtaroekin bat elikatzen garenok, udako barazkiei agur esateko prestatzen ari gara. Udako barazkiak asko estimatzen ditugun arren, poz handiarekin egiten diegu ongietorria urtaro hotzeko barazki eta fruituei. Dagoeneko loratu dira lehen brokoliak eta azak. Kalabazin purea aurrerantzean kalabazarekin prestatuko dugu, eta berdea nahi dugunean borrajarekin trebatzen hasiko gara. Udazkena kolorez beteriko urtaroa da gure basoetan eta gure baratzetan. Udazkeneko koloreekin plater gozoak prestatzeko garaia da, beraz. Gure aitona-amonak, sasoian sasoikoaz elikatu dira beti, eta guretzat, berriz, hala elikatzea geroz eta nekezagoa egiten da. Izan ere, egun dugun elikagai eskaintza oso zabala da. Inoiz ez da berandu ohitura zaharrak berreskuratzeko. Aitona-amonei galde diezaiokegu garai bakoitzean zer eta nola prestatua jaten zuten, horren harira, elkarrizketa interesgarria izan dezakegu haiekin. Azoketara ere gertura gaitezke, baserritarren postuak ikus ditzakegu noski, eta haiekin hitz egin. Ziur asko, eta pozik asko, gainera, emango digute garai bakoitzeko barazkien berri eta prestatzeko errezetak, eta gomendioak ere emango lizkigukete. Goiz-pasa ederra izan daiteke azokan barrena kontu kontari ibiltzea. Aprobetxa dezagun etxeko txikienekin erosketak egiteko, aukera dezaten gustuko dituzten barazkiak, galde dezatela nola prestatzen diren. Uste ez badugu ere, etxeko txikienekin plater gozo askoak prestatu daitezke. Batek baino gehiagok sorpresa har dezake etxean sukaldari apartak dituela jakitean. Plan aparta izan daiteke: udazkeneko barazkiak zeintzuk diren ikasi, aitona-amonei galdeketa egin eta ondoren azokara erosketa ekologikoa egitera hurbildu. Familia giroan bazkaria prestatu eta jan ondoren kantu kantari aritzeko une aproposa. Ikas dezaten txikitatik zer den garaikoa eta tomatea datorren uda arte ez dela baratzetan izango.
Gure baserritarrek beraien produktuak maitasun handiz ekoizten dituzte, gure etxeetara garaiko elikagai gozoak eraman ditzagun. Aprobetxa dezagun etxetik gertu dugun altxorra. Animatu, eta ea garaiko barazki ekologikoez lapikoa eta sabela betetzen dituzuen. On egin, lagunok!
@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
Datorren uda bitarte, agur tomateei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu