Darwinen eboluzioaren teoriaren arabera, hautespen naturala da espezieen arteko lehiaren indar nagusia, uneko baldintzetara moldatuenaren gailentzea eta besteen desagerpena ekartzen duena. Ausazko aldaketen gain eragiten du hautespenak, aurretiko planik gabe, ingurunearen bilakaera aurre esaterik ez dagoelako. Gaur egungo bizidun espezie guztiok, geurea barne, eboluzio prozesu luzeen oinordekoak gara, egokitu ez zen arbaso andana atzean utzita. Aurkitutako aztarnak dira bidearen lekuko, eta haiek ordenatzen eta katebegi galduak topatzen aritzen dira paleontologoak.
Egun, badakigu genomaren mutazioak direla ausazko aldaketa horien euskarria, eta ezaugarri berriak DNAren sekuentzian idatzita geratzen dira, betirako. Kaltegarri edo onuragarri direnekin batera, neutroak diren mutazio ugari pilatuz joan da genometan. Aztarna kopuru nahikoa aurkituko bagenitu, genoma guzti horien DNA sekuentziak eskuratu, mutazio eragileak identifikatu eta ordena kronologikoan jar genitzake, eboluzioaren historia irakurtzeko. Tamalez, ez dirudi hori erraz lortuko dugunik.
Mutazioak, baina, zelula germinaletan ez ezik, gorputzaren edozein zelulatan ere suerta daitezke, DNAri kalte egiten dioten ingurumen faktoreen eraginez. Gorputz bereko zelula desberdinen arteko lehia ahalbidetzen du horrek, eboluzioaren hautespen mekanismoa medio. Horrelako bidea proposatu da minbiziaren garapena azaltzeko, eta zelula normaletik tumorerainoko prozesua zuzentzen duten mutazio gidarien identifikazioa da onkologiaren helburu nagusietakoa. Oraintsu argitaratu den Pan-Cancer Whole Genome Consortium nazioarteko ekimen erraldoiak, minbiziaren eboluzioaren inoizko historiarik osatuena ezagutarazi du, eta helburutik gertuago gaude. Egitasmoak 38 minbizi mota desberdineko 2.658 tumore eta inguruko ehun normalaren sekuentzia genomikoak aztertu ditu, eta ia 44 milioi mutazio aurkitu, bestelako kalte genomiko handiago ugarirekin batera.
Datu multzo ikaragarri horren azterketak luze joko du, eta beste ikerlan askoren oinarri izango da, baina hasierako analisi eta genomen arteko konparazioek erakutsi dutenez, tumore bakoitza 4-5 mutazio gidariren eraginez garatzen da. Gainera, posible da mutazio horien agerpenaren denbora errenkada ezagutzea, eta horrek berebiziko garrantzia dauka bihar etziko medikuntzarako. Batetik, minbiziaren diagnosi goiztiarragoa eta zehatzagoa ekarriko duelako, eta, bestetik, espezieen eboluzioan ez bezala, tumorearen kasuan ingurumena bai aldarazi dezakegulako, hautespenari izkin egiteko eta tumorera eramango lukeen leinu zelularra ezabatzeko neurriak hartuta, kreazionisten jainkoak bezala.
Zientzia. ARGI ALDIAN
Darwin gure baitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu