Gorka Azkune.
Zientzia. ARGI ALDIAN

COVID-19 gaitzari aurre egiten

2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Martxoan idatzi nuen zutabea konfinamenduaren lehen egunekin batera iritsi zen. Orduan kontatu nizuen COVID-19 gaixotasunaren aurka hainbat ekimen zeudela martxan komunitate zientifikoan. Horietako bat Kaggle plataforman antolatu zen, AEBetako Etxe Zuriko Zientzia eta Teknologiaren Bulegoa, AEBetako Osasunerako Institutuak, Chan Zuckerberg Initiative eta Microsoft atzean zituela, besteak beste. Izen eta garrantzia handiko antolatzaileak.

COVID-19 gaixotasuna SARS-CoV-2 birusak sortzen du, koronabirusen familiakoak. Aspaldi ezagutzen dira familia horretako birusak eta euren eraginak. Ondorioz, artikulu zientifiko pila bat topa daitezke eurei buruz. Kaggle-ko lehiaketa honetan, esaterako, 60.000 artikulu zientifiko zeuden eskuragarri. Kuriositate moduan, horietatik seiren bat, hots, 10.000, 2020. urtean argitaratuak izan dira!

Pentsa dezakezuen bezala, sendagile eta ikerlarientzat oso zaila da hainbeste informazio atzitzea. Koronabirusei buruz informazio eskerga aurki daiteke, eta aditu batek galdera bat duenean, 60.000 artikulu horietan begiratu beharko du erantzuna topatzeko. Ez dirudi lan erraza, ezta? Horregatik, lehiaketa honetan adituek izan ditzaketen galderak automatikoki erantzuteko sistemak garatzeko eskatzen zen. Martxoan esan nizuen bezala, HiTZ zentroko Ixa taldeko hainbat ikerlarik parte hartzea erabaki zuten orduan. Bada, lehiaketaren kategoria batean irabazle suertatu dira. Jon Ander Campos, Arantxa Otegi, Aitor Soroa eta Eneko Agirre dira. Lortu dutena ez da makala!

Ixako ikerlariek neurona-sareetan oinarritutako sistema bat garatu dute. Sistema horrek, dokumentu batzuk emanda, galdera baten erantzunik onena topatzen ikasten du dokumentu horietan. Gai horretan esperientzia handia dugu Ixan. Alde batetik, Jon Anderren doktore tesia esparru horretan kokatzen da. Bestetik, proiektu europar batean, lantalde hori bera ari da lanean galdera-erantzunen esparruan. Pentsa ezazue: lehiaketa honetan irabazi duen sistemaren garapena doktore-tesi bat eta sukaldeko errezeten inguruan antolatutako europar proiektu baten esperientziatik datoz. Horrelakoa baita zientzia: COVID-19 gaixotasunari aurre egiteko behar den ezagutzan, sukaldeko errezetei buruzko galderak erantzuten dituen sistema batetik etor daiteke. Horregatik esaten dugu hainbestetan zeinen garrantzitsua den oinarrizko zientzia. Ez gaitu itsutu behar aplikazioak. Gizateriaren historian, aplikazio iraultzaileenak oinarrizko zientziari esker garatu ahal izan dira. Ez dezagun ahaztu, mesedez.

Bukatzeko, nire lankideak zoriontzeko aprobetxatu nahiko nituzke lerro hauek. Ikerlari bikainak zarete, eta lan paregabea egiten duzue. Lan iluna askotan, errekonozimendu txikiko lana, baina oso-oso garrantzitsua. Izan dadila sari hau lan horretan jarraitzeko arrazoi bat gehiago. Eta ea sariak sortu duen oihartzunak laguntzen duen gure herrikideek ikus dezaten egiten ari garen lanaren kalitatea eta garrantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.