Aste honetako artikulua, asmoz, herri-diruzko laguntza itzelei esker izan ez balitz, porrot egingo zuten jatetxe zoragarri horiei buruzkoa izango zen, panorama alaitsuago balego. Baina panorama hauxe dugu, daukaguna. Beraz, gai arin horiek hurrengo baterako utzi eta gaur, aurreko astean mahaian agerturiko gaiari helduko diogu.
Iturengo inauteriak direnez, Xolomo bordan bazkaltzen ari gara, eguerdiko lauetan hasita. Edateko, ardo beltza. Bost litroko botila. Eta iruzkin kaotikoak. Norbaitek «magnum» bota du, ignorantzia zinez ausarta baita kasu hauetan.
Kazetari xume honek ilustrazio arrastoa utzi nahi izan du baina, milimetro batez, ez du asmatu gaurkoan: «jeroboam» izena duela esan duen arren, egokiago izango zen «rehoboam» jaurtitzea.
Tira, erruak ez dira kazetariarenak, behingoz, botila fabrikatzailearenak baizik: bost litroko botilak ez du izenik, denok dakizuen bezala, akats handia omen da botilonimian horrelako ontzi absurdoak ekoiztea. Frantses tradizioan botilen edukiera eta izenak (izerdiz euskaraturik) hauek izan dira:mignonette (5 cl, Paris aldeko gutizia, aspaldi esnob samarra, egun ezezaguna), botila erdia (35 cl, Rhin aldeko ardoa edukitzekoa), fillete edo alabatxoa (37,5 cl, Loiren sortua), potoa (46 cl, lyondarra), desirée edo maitea (50 cl suitzarra), krabelina (62 cl, Jurako ardoarentzat), ohikoa (75 cl, egun, estandarra nonahi), txirula (75 cl baina lirainagoa da, Mosela aldekoa), namurtarra (80 cl., Waloniako hiriburuan sortua), tripatsua (1,20 litro, Lieja partekoa), flaskoa (1,5 l, italiar chianti ardoa kontserbatzeko), damajuana (berez, 10 litrokoa eta proventzarra), magnum (1,5 litro, 2 botila), jeroboan (3 l, 4 bot), rehoboan (4,5 l, 6 bot), matusalen (6 l., 8 bot), salmanazar (9 l, 12 bot), baltasar (12 l, 16 bot), nabukodonosor (15 l, 20 bot), meltxor (18 l, 24 bot), subiranoa (26,25 l, 35 bot), primat (27 l, 36 bot), melkisedek (30 litro, 40 botila)…
Hurrengo batean, formaren arabera emaniko izenak (bordelesa, borgoinarra, muskadeta, anjuarra, rodanesa, xanpandarra, baskesa edo euskalduna…) jorratuko ditugu, gustukoa baduzue.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Botila, izendun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu