Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Botere erreskatatzailea

2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Kanpainan. Arnaldo Otegiren kabenlaputa-gatik nabarmenduko da osteguneko elkarrizketa, akaso, REko Boulevard-en. Baina mami handikoa izan zen irratsaioa, kazetaritzaren ikuspegitik galderek eduki baitzuten interesa erantzunek baino gehiago, elkarrizketatzailea erretratatuta geratzeraino. Podcastean entzun liteke solasaldi osoa (gomendagarriak bereziki, pintaden afera dela-eta interpretazio partzial eta interesatuko galderak). Labur esanda: Dani Alvarezek ez du gogoko hiru ezkerrekoen hautua EAEn agintzeko. Beti izan den agintea du maite. Atzera joanda, gogoan dugu Patxi Lopezen garaian eskaini zigun lezio polita boterearekin harmonia onean bizitzeari buruz, gobernuko kideekin solasaldi konplizeak osatuz ia egunero. Boterea erreskatatzera joate hori ondo aplikatzen ari zaigu urteetan, eta azken boladan, hilaren 22an lortu zuen gailurra, 08:00etako goiz albistegi nagusia ia osoa (hasierako izenburuak kenduta) Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekarekin osatu zuenean. Solasaldi ezin goxagarriagoan ari zirela, interruptusa heldu zitzaien, ordu erdiroko tutuek gogorarazi baitzieten aski zutela, edukiko dituztela aldarte gehiago etenik ez duen gobernu-kanpainarekin segitzeko.

Martetarrak. RE irrati publikoak lau tertuliano kontratatzen ditu, entzuleoi ikusmira zabaltzeko, aparteko gaitasun intelektuala ustez daukatenak. Hiru gai (Marlaska epaile ohia, Cobos Guardia Zibilen buru ohia eta polizia txostenak) jartzen dizkie hizpide ostegunean. Euskal Herriaren historia hurbilaren ikuspegitik, derrigor, gaiak atxilotuekin, torturarekin, fikziozko polizia txostenekin, kartzela zigorrekin… lotu beharko lirateke. Baina badirudi laukotea Marte planetan bizi izan dela azken hamarkadetan.

Kale inkestak. Zer moduz kaleko inkestak denboraldi baterako aparte utziko bagenitu? Gertatu zen zakurrekin, haurrekin, korrikalariekin, terrazekin… Eta egunotan, hondartzekin gertatzen ari da. Iruzur sozialik biribilena bilakatu zaigu kale inkesta, zail bezain esker txarreko den kazetaritza genero hori. Izan ere, beste guztiak direla arauak urratzen ari direnak eta isunak-eta jarri behar direla esanez suminduta agertzen den kale inkestatua ari baitzaigu normaltzen. Berriro ere lortu da herritarrek herritarren bizkar erantzukizunak jar ditzaten, bitartean zurituz kontraesanez beteriko mezu igorle ofizialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.