Marcela Abarzuzak (Iruñea, 1959) liburu dendan ematen ditu Sanferminak. Zezen arteko jarduna egiten du: entzierroaren ondotik ireki eta zezensuzkoa bukatzean itxi. Hala ere, ez dago bakarrik. Bikotekidearekin batera darama denda, eta beste langile batzuk ere izaten dira. Aurten, Jarana peñak Urrezko Bonboa saria eman dio.
Non zinen 1978ko uztailaren 8an?
Rafa nire bikotekidea baimenarekin etorri zen soldaduskatik, eta Sarasate pasealekuan ginen. Lehen, peña guziak handik pasatzen ziren, eta haien esperoan ginen. Sirena hotsak hasi ziren. «Zerbait gertatu da zezen plazan», baina lehen ez zegoen sakelakorik; ez genekien zer gertatzen ari zen, eta jendea korrika hasi zen. Oso urduri geunden. Egun hori gogorra izan zen, baina hurrengo eguna, ikusita German hil zutela, Iruñea nola gelditu zen... Egunik tristeena hori izan zen. Inpotentzia zen nagusi. Poliziek kaleetan jarraitu zuten hurrengo egunetan ere. Zoritxarrez, ordaindu behar dutenek ez dute ordaindu.
San Fermin Txiki izan ziren orduko sanferminak. Nolakoak izan ziren besta horiek?
Inoizko sanferminik hoberenak. Ez genuen ezer ere galdu; leku guztietara joan ginen, eta asko-asko gozatu genuen. Gutxienez, hori izan genuen. San Fermin Txiki horiek oso politak izan ziren, eta, gainera, etxeko jendearentzat; beraz, bikain.
Bukatzear dira aurtengo sanferminak. Zer moduz joan dira?
Oso giro polita izan dugu. Entzierroetan ez da gauza larririk gertatu; beraz, ongi.
Goizean goiz hemen zara?
05:30ean, dendara etortzen gara. Ez dugu irekitzen, baina mahai bat jartzen dugu kanpoan egunkariak saltzeko. Entzierroa bukatzean irekitzen dugu denda. Txandak egiten ditugu, hala ere, lo kuluxkaren bat egiteko.
Oraindik erosten dute egunkaria entzierroa korritzeko?
Bai, tradizioa da, eta ohitura hori mantentzen da; beraz, ohi baino egunkari gehiago saltzen dugu, noski. Dena den, ez da lehen bezala. Lehen, jendeak gehiago erosten zuen egunkaria.
Entzierroa dagoen bitartean, papera ez da hilko?
Uste dut papera ez dela bukatuko, ez egunkarietan, ezta liburuetan ere. Jaitsiko dela? Asko jaitsi da dagoeneko. Baina mantenduko da.
Zer da Abarzuza entzierroko korrikalariendako?
Behar duten guzirako irekita dituzte gure dendako ateak. Adibidez, batzuetan komunera etortzen dira.
Zer harreman duzue?
Lagunak dira. Guretzat, harremanak oso garrantzitsuak dira; ez da soilik saltzea. Giro polita izatea gustatzen zaigu. Hurbiltasun hori denda txikietan bakarrik gertatzen da, eta hori oso inportantea da. Nik amarengandik jaso nuen hori, eta berdin jarraitzen dut.
Zer saltzen duzue sanferminetan?
Egunkariez gain, oroigarriak. Gure artikulu izarra gomazko erraldoiak dira, eta baditugu kilikiak, maskuriak, imanak... eta Iruñeari edo Euskal Herriari buruzko liburuak.
Bestelako liburuak gutxiago?
Hori zaila da egun hauetan.
Zer pasatu da erraldoien sukarrarekin?
Benetan, harriturik gaude. Txikitatik gustatu zaizkigu erraldoiak, baina azken urteotakoa ez nuen ezagutu inoiz. Sekulako arrakasta dute: umeek gomazko erraldoiak nahi dituzte batik bat, eta badituzte margotzeko liburuak edo ipuinak ere.
Asko aldatu dira sanferminak?
San Domingo karrikan 26 urte daramatzagu. Lehen, jendea beste modu batean ibiltzen zen; orain, jendea zuzena da. Nik uste dut jendeak gehiago bizi dituela sanferminak egunez. Orain, lasaiagoak dira, baina alaiak eta sanoak. Onerako aldatu dira.
Izan duzue egoera desatseginik?
Hemen edozerk balio zuela pentsatzen zuten lehen. Baina errespetuarekin oso ongi pasatzen ahal duzu. Errespetu gutxikoak gutxiengoa ziren, baina salbuespen horiek min ematen dute.
Entzierroa hemendik pasatzen da, baina ez da ikusten. Telebista jartzen duzue?
Ez dut ikusten. Bi bilobek korrika egiten dute, eta beldur handia pasatzen dut. Baina entzun, bai. Nik beti esaten diot jendeari: bizitzan behin entzierroa entzun behar duzu. Hemen oso hurbil gaude, eta entzuten dituzu zezenen apatxak eta jendearen oihuak. Beste sentsazio bat da.
Jaranak emandako sariarekin kontent zara?
Guretzat ohore handia da; oso pozik gaude. Lana ongi egiteagatik saria ematea... Guretzat inportantea da. Gainera, bihotzez emandako saria da. Hunkituta gaude, benetan.
San Domingo kaletik ihes egiten duzu tarteka Iruñeko bestetan?
Lehenengo urteetan bai, su bestara edo pote bat hartzera, baina orain pixka bat nekatuta nago. Gainera, San Domingo karrikan hainbeste gauza daude: entzierroa, txarangak, peñak... Txistulariak ere etortzen dira hemen jotzera. Hori bai, bada inolaz ere galtzen ez dudan zerbait: bihar [gaur], erraldoien agurrera joanen naiz.
OROITARRITIK. Marcela Abarzuza. Abarzuza liburu dendako arduraduna
«Bizitzan behin entzun behar da entzierroa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu