Nerea Osinalde.
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Bizipoza fokuan

2024ko ekainaren 26a
05:00
Entzun

Organo guztiak liluragarriak dira; ingeniariek inoiz diseinatuko duten makinarik onena baino askoz ere espezializatuagoak. Baina txikitatik zure interesa piztu duen, eta, gerora, plazer momentu ahaztezinak eman dizkizun organoa zein den galdetuko banizu, zer erantzungo zenuke? Apustu egingo nuke gizonezkoek «zakila!», eta emakumezkoek «klitoria!» erantzungo zenutela, aho batez.  

Sexuaren garrantzia ukaezina da, baina gai tabua ere badenez, kalean ez ezik, zientzian ere nahiko alboratuta egon da. Ondorioz, gainerako organoekin alderatuz, sexuan inplikatutako organoen inguruko ezagutza maila nahiko apala da. 

Duela 150 urte baino gehiago aurkitu zuten gizakion gonaden azal azpian bolatan estuki antolatutako nerbio-amaierak ditugula, Krause korpuskulu izenez ezagutzen direnak. Korpuskulu horiek ezinbestekoak dira sexua izateko; izan ere, ingeniaritza genetiko bidez sortutako korpuskulurik gabeko saguek ezin dituzte sexu harremanak izan. Gure behatz eta eskuen azal azpian ere antzeko egitura duten korpuskuluak ditugu, azal-gainazal kontaktuen ondorioz sortzen diren bibrazioei erantzuten dietenak. Aldiz, gonadetako korpuskuluek nola funtzionatzen duten ez dugu jakin orain arte.

Garatu diren teknika molekularrei esker, egun posible da neurona mota bat espezifikoki aktibatzea, eta sortutako seinalea nola hedatzen den ikertzea. Berriki Nature aldizkarian argitaratutako lan batean, sagu ar eta emeen Krause korpuskuluak aktibatu dituzte, eta bertako neuronak 40–80 hertz-eko frekuentziadun bibrazioarekin pizten direla behatu dute. Bitxia bada ere, sexu jolastailu askok bibrazio maiztasun hori erabiltzen dute; beraz, datu zientifikoak egon aurretik merkatu horretan zebiltzanek zerbait bazekiten.

Krause korpuskuluetara itzuliz, deigarria da zentzumen neurona guztiak jaio aurretik garatzen direla; Krause korpuskuluak, berriz, sagua sexu heldutasunera heltzear dagoenean. Ar eta emeek korpuskulu kopuru bertsua dute, baina klitoria oso txikia denez, hamabost aldiz kontzentratuagoak daude, eta, ondorioz, klitoria organo bereziki sentikorra da. Korpuskuluak bizkarrezur muineko zentzumen eremu jakin batera konektatzen direla ere aurkitu berri dute. Ikertzaileek zuzenean bizkar muineko eremu hori estimulatuz, sagu arretan zakilaren erekzioa eta emeen genitaletan kontrakzioak eragin zituzten. Gainera, efektu hori, bizkar muinaren eta garunaren arteko konexioa asaldatuta egon arren, mantentzen zela behatu zutenez, sexu erreflexuak automatikoak direla ondorioztatu dute. 

Maila molekularrean, sentiberatasun genitalaren erantzuleetako bat PIEZO2 proteina dela aurkitu dute. Kontaktuari erantzunez aktibatzen den ioi kanal bat da, ukimen-neurona jakin batzuen aktibaziorako ezinbestekoa dena. Aurkikuntza horrek agerian uzten du sexuarekin erlazionatutako funtzio fisiologikoak gertatzeko ukimenaren garrantzia. Beraz, norberaren senak ere horrela eskatzen badigu, ukitu etengabe, orain zientziaren babesa daukagu eta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.