Mikel Zumeta.
HERTZAK

Bizi bedi

2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Gasteizera egingo dugu bidea aste honetan. Hain zuzen ere, hango irrati libre ezagunenaz jardungo naiz: Hala Bedi irratiaz, justuki. Hala Bedi irratiak datorren urteko abuztuan berrogei urte beteko ditu dagoeneko. Erreferentea izan da Gasteizko irratia, eta urte luzeetan zehar saio ugari izan ditu. Irratiaren web atarian murgilduz gero, askotariko saioak topa daitezke: egun oraindik burutzen direnak zein dagoeneko tamalez jarraipenik ez dutenak.

Zaila da saio bati jarraipena ematea, denboran zehar mantentzea, antolatzea, adostea, ekoiztea. Sormen lana, lana da. Irrati libreak eta irratigintzak berebiziko aukerak eskaintzen ditu sormenerako, eta formatu aproposa da edukiak lantzeko. Eduki hitzaz ari naizela ez diot edukia plataformetan ulertzen den adieraz, baizik eta mami edo ganorazko muinaz, zeraz, azaldu nahi den hortaz pulamentuz jarduteko aukeraz. Irratiak azalpenari ematen diolako agertokia, hitzari, solasaldiari. Irratiak azalpenari, hau da, narrazioari, edo egunotan bogan jarri den norbanakoaren «errelatoa» azaltzeari parada ematen dio. Irudi ezak entzumenean tema gaitezen eskatuko baitigu: hitzetan, esanahietan, edukietan.

Hala Bedi irratian, ausaz, Suelta la olla magazina topatu nuen. Esteka baten bitartez heldu zen nigana. Sakatu, eta ezin interesgarriagoa iruditu zitzaidan saioa. Sentsibilitatez lantzen dituzte gizarte arloko gai ugari; emeki, zinemaz mintzatuko zaizkigu, eta lan eskubideez eta negoziazio kolektiboaz, osasun mentalaz, drogen erabileraz, besteak beste. Suelta la olla hiru ordu inguruko saioa da, freskoa, muinera doana eta espiritu kritikoa sustatzeko asmoa duena. Magazinak dagoeneko hogei urte ditu, eta astelehenetik ostiralera goizero entzun daiteke Hala Bedi irratian eta Bilboko 97 Fm irratietan. Bestela ere, sarean estekak entzungai topa daitezke bai plataforma desberdinetan, bai eta haien web orrian ere.

Gasteizko irratiak kultura, magazinak, musika eta gizarte arloen artean aukeratzen utziko digu eduki frankoren itsasoan. Adibidez, dagoeneko desagertutako Poeta madarikatuak saioa, poesia eta literaturaren inguruko saio dezente interesgarria. Beraz, badakizue, badago Gasteizen irrati libre bat, Hala Bedi; bada, entzun dezagun, luzaroan bizi bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.