Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Bisitak

2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Lehengoan nire bihotzeko liburuzainarekin topatu nintzen. Behingoagatik ez zen bere eremuan —liburutegian, alegia— izan, ezpada eremu neutralean, betiere nerabez beteriko tren bat eremu neutraltzat har badezakegu. Gizalegezko bi musuen ostean bisitak egitetik zetorrela kontatu zidan.

-Urtero egun oso bat hartzen diat osaba-izebak bisitatzera joateko. Lau kontu esan, bonboi kaxa bana utzi, zer moduz dauden galdetu, eta buelta etxera. Zahartzen ari dituk, eta gustatzen zaiek noiz edo noiz familiak jaramon egitea. Eta, egia esan, niri ez zaidak gehiegi kostatzen.

Haren hitzetan ez zegoen hunkipen arrastorik, baina begiek diz-diz egiten zioten; gauzak ondo egin izanak ematen duen distira zeukan begietan, ekintza bikain ñimiñoei soilik darien distira berezi hori.

Une batez nire ilobekin gogoratu nintzen. Une batez, galderak hasi zitzaizkidan buruan kolpeka.

Berrogei urte barru, etorriko al dira gure ilobak gu bisitatzera? Urtean behin, sikiera, hurbilduko al zaizkigu lau kontu esatera?

Begirada treneko nerabeengan iltzatu nuen. Han zeuden, elkarren ondoan baina nork bere telefonoari begira. Elkarri oihuka baina elkarrekin hitz egin gabe. Pantailaren beste aldekoa elkarrekin konpartitzen baina une hura konpartitu gabe.

Ez, ez dut gogoan galdera ozen egin izana.

- Hauek... hauek nahikoa ditek whatsapparekin— esan zuen nire bihotzeko liburuzainak begietara so eginez.

Begiek diz-diz egiten zioten oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.