Aktualitatearen lehen lerrora ekarri dute berriz aste honetan Julian Assange kazetari eta aktibista. Wikileaks webgunearen sustatzaile hori, hainbat erakunderen ezkutuko jarduna argitara emateagatik ezagun egin ondoren, Ingalaterran dabil orain, kieto, etxean atxiloturik. Kontua, gutxi gorabehera, hala joan da: Suediako Fiskaltzak Assange atxilotzeko euroagindua jarri zuen 2010ean, bi emakume suediarrek bortxatu egin zituela salatu baitzuten. Bere burua Ingalaterrako Poliziaren eskuetan utzi, eta afera, ustez, juridikoa da geroztik, epai-helegite segida luzea tarteko. Kasua ez da oraindik itxi: Assange Suediara estraditatzeko agintzen du azken epaiak, baina helegitea sar dezake haren abokatuak11 egunen buruan.
Eta, nahiz Assangek bortxaketa akusazioa distrakzio jokaldi gisa definitu duen, argitu beharreko puntua da, zalantzarik gabe. Edo, zer, Assange inuzentea da, sinesten diogu, zergatik, tumatxa iruditzen zaigulako Wikileaksen buru egin duena? Ondo baino hobeto izorratu duelako inperialista zikin horietako bat baino gehiago? Ideologikoki gugandik gertuago dagoelako? Bide batez, non dago ideologikoki? Eta Strauss-Kahnekin zer egin, orduan? Hori bai sutara, epai fermurik izan aurretik?
Baina desbideratzen ari naiz gaur nahi nuen bidetik. Kontua da etxeko atxiloaldian ere ez dela geldirik izan gizona, eta, besteak beste, proiektu ezin interesgarriago bat jarri duela martxan Assangek: The World Tomorrow. Berez, Errusiako RT telebista katean ematen den saio bat da, osoki Internet bidez ikus daitekeena http://assange.rt.com helbidean. Asuntuari ematen dion ukitu pertsonalista ez dut batere atsegin —The Julian Assange Show,Assange! Controversy! eta antzerako idazpuruak aurkituko ditugu—, baina, telebista saio gisa, ezin da ukatu bonba bat dela. Beste inon ez dugu antzekorik aurkituko: elkarrizketatu ditu Sayed Hasan Nasrala Hezbolako liderra, Slavoj Zizek —intelektual superrizarra— eta David Horowitz sionista batera, Tunisiako Errepublika berriko lehen presidente Moncef Marzouki, Guantanamon preso egon den Moazzam Begg, Rafael Correa Ekuadorko presidentea. Eta hori denori pirotekniarik gabe, baliabide teknologiko gutxi batzuekin, kostuak gutxienekora murriztuta. Borondate kontua baita, oroz gain. Eta, akaso, talentu kontua ere bai.
Komunikazioa. Ekografiak
Biharko mundua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu