Parkean jolasean dauden bi mutiko koxkor horiek ez dute beren artean inolako antzik, eta ene, ezin janzkera ezberdinagorik: batek, plaiera berde-biziak, peto bakeroa eta marra gorridun elastikoa, eta besteak, pikodun jertse grisa, txandal urdin iluna eta katiuskak ere urdinak. Argi dago ez direla anaiak. Bestalde, bietako baten amak jasoko omen dituenez, auzokideak izan daitezke, edo baten etxerako bidean bestea utziz gero, tira, lagunak izango dira akaso. Horixe, bi lagun parkean.
Bada, ez. Bi mutikook, halabeharrez, beren amek hala nahi izanda etxe berean bizi direlako daude elkarrekin parkean. Hori entzunda, burutik pasa zaidan lehenengo gauza, bada, bi amak bikote izatea, eta, ondorioz, bi mutikoak, une honetan, anaiordeak.
Ezta hori ere. Haien amak ez dira bikote ez deus, krisiak ekarritako etxebizitzen arazo larria dela-eta alokairua partekatzea erabaki duten bi lagun banandu besterik ez. Beraz, mutiko petoduna eta txandalekoa pisukideak dira orain. Haiena ez da elkarbizitzea, etxe berean bizitzea baizik.
Ez zait txarra iruditzen krisi garaian konpartitzen jartzea. Bizitza merkatzeko aukera interesgarria da, autoarekin hutsik joan ordez bidaiak eta gastuak konpartitzen hastea bezala. Bestalde, pisukide txiki horiei begira, ze zaila, ezta? Azken finean ez dira ahaideak, ez senideorde arruntak ere, eta hezterakoan, ez al ditu ama bakoitzak bere semearentzat bere arauak nahiko? Nola esango dio ama batek semeari «hau egin» eta «ez hori ukitu», pisukidearen semeak bere amaren baimenaz nahi duena egiten badu? Dena den, aizue, gauzak ondo eginez gero, txapo!
Maratila
Bietan bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu