Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Bidea zabalik

2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Jesus Egiguren gonbidatu duen Bisitaria saioa eman zuten ETB2n asteazken gauean. Bai, ondo irakurri duzue, Egiguren gonbidatu duen Bisitaria eman zuten ETB2n, euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin. Orain aste bi euskarazko katean eman zutenean ikusi nuen, baina, bost axola, berriz irentsi nuen asteazkenean ere, antza orain Egiguren nire ideologoetako bat denez, ea bigarren pasaldian zerbait gehiago ikasten nion. A, gozatu ederra hartu nuen beste behin, hemendik aurrera nire idearioan betirako txertatuta geratuko diren sententziak entzuten: nazionalista dela, ez, ordea, Euskadikoa, Euskal Herrikoa baizik; laugarren xedapen iraunkorra alderantziz idatzi izan balitz, hau da, Nafarroa EAEn sartu baino, EAE Nafarroan sartzea ahalbidetuko balu, arazo hori konponduta legokeela aspaldi; eta beste hainbat perla antologiko.

Baina estreinako pasaldi harekiko berrikuntzak ere nabaritu nituen. Lehenik, esan behar dut eskertu nituela azpidatziak, nahiz gaztelaniazkoak izan, euskarazko orijinalean gauza asko eta asko ez bainizkion ulertu Egigureni —are sagardoa edan aurretik ere—. Bigarrenik, pasa nuela saio guztia sinesgaitz, ezin uztartuz nire belarrietatik sartzen zen hizkuntza moldea eta ETB2ren logotipo urdina —egunen batean hitz egin beharko genuke ETBren logotipoez: niri soilik iruditzen zait ETB1ena zero potolo bat?—. Osoki harrituta begiratzen niola, alegia, nire aurrean nuen espektakulu ezohikoari.

Atzo, osteguna, euskararen presentzia ETB2ren gisako kate batean gaitzesten duen jende saldoaren kexu-ohar eta sumindura-deiez beteta imajinatzen nituen hedabideak. Gaztelania mehatxuan izanik, jazarria, desagertze bidean Euskal Herrian, uste nuen ahots mordo bat altxatuko zela tamainako herexia salatzera. Gaztelaniadun elebakarrek zergak besteok bezala ordaintzen dituztela, e, ze uste? Beti miretsi izan dut zergen argudio hori. Gaixoek pastilak osasun sistema publikotik doan-edo hartzen dituztenez —hori oraindik hala da, ezta?—, ustez sano gaudenok gure pastila ludiko-festiboak exijitzea bezalakoa iruditu izan zait beti, demokratikoa oso.

Orain bidea zabalik dago, ordea: ETB2n gainontzeko Bisitaria-k ematen hasiko dira aurrerantzean, eta deskuidatuz gero—kodizia asezina baita— euskarazko beste saio batzuk ere bai. Garaiz gaude erreakzionatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.