Fabregas. Joseph Albouy boladromoan petankan gizonak jostetan ari. Eguzki sartze. Paul Doumer karrikan kurri nabil. Saltokiak hesten ari. Garajeko lagunak elkarteak ateak hetsiak. Baina elkartekoek liburuz betea den boata transparente bat, lau zangoren gainean apailatua, ezarria dute oinbidean. Bi paper-xingola luzeetan eskuz idatziak erran hauek: «Lan gutxiago egin, gehiago irakur», «Libertatean lokartzen den populua, morrontzan iratzarriko». Kutxaren estalkian berriz: «Liburua har», «Gero itzul», « Beste bat utz».
Karrikaren muturrak Clemenceau etorbidera ematen du. Bide seinaleak eguzkitan, Montpellier ezker, Béziers eskuin. Montpellierera buruz goaz. Gero, Italiako frontera. Oren batzuk berantago: Piombino ilunabarrean. Elbako irla bioleta koloretan. Leonardo da Vinciren planoen araberako harresiak zutik. Palazzo Appianin, pintura erakusketa: «Libre eta erresistente».
Jende adinekoak bigarren munduko gerlaz oroit. Pintura bat handia, talentuz tindatua: bost emazte gazte esperantzetan, collage batzuk, eta fondo gorrian letra nagusitan zuriz: «Libertatea da besteei zor dieguna». Corso Emmanuele II ibilbidean nabilela, Garibaldi karrika eta Garibaldiren buruaren pean idazkia «… alla luce della divina libertà, aspirazione divina…». Gaua da ja, handik hurbil dagoen kafetegi-izozkitegi iluminatu batean Gramsciren bizia argazkitan ezarria dute jabeek, haren erran batek pareta guztia hartzen duela luzera: «Organiza zaitezte, zuen indar guztiaren beharretan garelako. Eskola zaitezte, zuen buruargitasun guztiaren beharretan garelako».
Maratila
Bidai-ohar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu