Duela bi aste, telebistan elkarrizketa bat egin zioten Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiari, edo, ingelesez (berari gustatuko litzaiokeen bezala),Q & A bat, Question & Ansar. Egia aitortzeko, ez nien sobera erreparatu gonbidatuaren ihardespenei (halere, irri potoratuen falta sumatu nuen), haren itxurak liluratua baininduen arruntean: atorraren azpian haren gihar landuak irudikatu bitartean, begiak haren adats distirantean nituen iltzatuak, eta bibotera bidaiatzeko baizik ez nituen askatzen.
PPk demokraziari dion atxikimendua nola, horrelaxe joan baitira kolorea galduz Aznarren mustatxaren ileak, desagertuz, ia-ia ikusezin bihurtzeraino. Gainkarga semiotikoaren ondorioa izan da: sudurpeko hori betidanik izan baita hainbat esanahiren juntabide, hainbat signifié-ren bilgune. Bushen ondoan, bibote hura, bere beltzean, morroi postkolonialaren sinboloa zen, solasak tex-mex ahoskeran trenkatzen zituzten ezpainen gainean egoteko ezin aproposagoa. Espainia galbidean zen garaian, gizonki portatzen den aitaren bibote kristaua zen (ezin konparatu, beraz, Freddie Mercuryk New Yorkeko bere jarraitzaile gayen omenez utzitakoarekin). Orain, hondarrekoz, bibote baten parodia da, nahi eta ezinaren adierazgarri.
Nago azken hori dela lehendakari ohiari hobekien dagokiona: Ansar deitzen zion Bushek, eta führer txikia deitu zion Aritz Galarragak, minuskulaz —alemanaren gramatikaren kontra, baina Ansarren izaera sakonaren isla—.
Eta Aznarrek, naski, bertzelako bibotea nahiko luke, baina hori, gaur egun, Japonian baizik —Doraemon da nire lekuko— ez dago modan.
Maratila
Bibotearen semiotika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu