Adimen artifiziala hezkuntzan, adimen artifiziala osasungintzan, adimen artifiziala euskalgintzan, adimen artifiziala kroketagintzan.
2022. urteko azaro hartan ChatGPTren etorrerak hautsak harrotu zituen mundu mailan. Egunkarietako azalak hartu zituen, elkarrizketak nonahi izaten ziren haren inguruan. Urte hartako Gabon egunetan ez zegoen bestelako gairik lagun eta familiarteko eztabaidetan.
Zorionez, gauzak baretze bidean dira azken hilabeteotan, hypea ari da nolabait bere lekura bueltatzen, teknologiaren aurrerapenek jarraitzen duten arren. Momentu honetan nabariagoa egiten da adimen artifizial sortzaileak badituela patxadaz aztertzeko hainbat ertz.
Hitz egin beharko dugu eredu horiek entrenatzeko datuak nondik atera dituzten enpresa teknologiko handiek, normalean ez baitute horren inguruko informaziorik eskaintzen. Hitz egin beharko dugu baita ere eredu horiek sortzeko xahutzen den energiari buruz. Hitz egin beharko dugu eredu horiek dituzten alborapenen inguruan. Eta hitz egin beharko dugu algoritmoen eskuetan erabakiak delegatzeak nolako albo-kalteak eragiten dituen.
Zorionez, baditugu gurean gai horien inguruan ikertu, hausnartu eta pedagogia egiten aritzen diren profesionalak. Gaurkoan, Gabonetako oporrak hain gertu ditugun honetan, labetik atera berri diren bi liburu ekarri nahi ditut zutabe honetara.
Batetik, Lorena Fernandez eta Pablo Garaizar bizkaitarrek idatzi duten Adimen artifiziala denok ulertzeko moduan liburua aipatu nahi dut. Liburuak hainbat kontzeptu argitzen ditu, mito faltsuak desegin eta AAren benetako izaera ulertzeko ikuspegi argia eskaintzen du. Horrez gain, Denisse Beltranen ilustrazioek beharrezko etxea eskaintzen diete liburuko hitzei. Amaia Apaulazak euskarara ekarri digu jatorrizko testua. Etxeko gazte eta ez hain gazteentzat opari zoragarria.
Bestetik, El algoritmo paternalista. Cuando mande la inteligencia artificial liburua dugu, Ujue Agudo eta Karlos G. Liberal ikertzaile nafarrek ondu duten artefaktua. Historian zehar aurrerapen teknologikoek izan duten mitoa aztertu dute; eta algoritmoen eskuetan hainbat erabaki uzteak dakartzan ondorioez hausnartzera gonbidatzen gaituzte. Gabon hauetan, irakurketa on!