Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Bi aurpegiak

2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Markak ontzen. Aurreko bi asteetan bere burua progresistatzat duen estatuko prentsak nabarmendu duenez, frankismoaren biktimek epaileen aurrean hitz egin ahal izan dute Franco hil zenez geroztikako demokrazian lehenengo aldiz. Marka historikoak aipatzen hasita, SER kateak ere berea ondu du: aurreko bi asteetan, 37 urte horietan baino erruz testigantza gehiago jaso ditu biktimen senitartekoengandik. 37 urteren ondoren, ikuskizun da, baina apustu egingo nuke Ser kateko ikur izan den Iñaki Gabilondok trantsizio politiko eredugarriaren kronika egingo digula ETBko leihotik agertzen zaigunean, laster; Victoria Pregok RTVEn egin zigunaren antzera.

Garzon jostailua. Historian estatuko bi joera politiko nagusiekin lerrokatutako prentsak —irratira etorrita, SER eta COPE batik bat— epaile horrekin nola jokatu duen ikusita, ezin ulerturik egongo da baten bat. Atzo goraipatu, orain larrutu; nahiz eta atzekoz aurrera. Garzonen ibilbidean islatuko lirateke, argiki, 1975ean estatu aparatu frankistetatik aldendu ez izanaren ondorio kaltegarriak. Aparatu horiek, bi alderdi nagusiek, prentsak… klinex baten antzera erabili izan dute epaile izarra: heroitzat jo dute haren zerbitzu polizial eta judizialak mesedegarri izan zaizkienean; etsai, euren interes politiko, ekonomiko edo mediatikoak ukitzeko keinua egin duenetan.

Datu dantza. Greba deialdiaren ondorengo datu dantza kontrajarriak sentipen berbera eragin digu: patronala edo sindikatuak, bietako bat ala biak gezurretan ari zaizkigula. Oraingoan ere, bi aldeek emandako datuak sektoreka (Osakidetza, administrazioa, EITB…) eman besterik ez dute egin EITBko albistegiek. Gauzak pitin bat argitze aldera, ahalegintxo bat eskertuko genieke hurrengorako, bustiko balira eta EITBko datu zehatzak emango balituzte, behinik behin. Pentsatzekoa da, etxean zenbat gelditu diren eta zenbat ez, hori behintzat jakin dezaketela.

Bi aurpegi. Euskal irrati publikoko asteburuetako magazinaren zuzendariAlmudena Cachok, bi manifestaziok nolako bake eredua proposatu, halako jarrera erakutsi du. Ia aipatu ere ez, kasu batean; bestean —atzo, alegia—, hitzordua askotan oroitarazi, antolatzaileei ordu erdiko elkarrizketa eskaini, eta guztiok hara joatera gonbidatu gintuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.