Elikadura. Eko-tik

Bertakotasuna Europan

2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Lurralde batentzat, tokian tokiko nekazaritza ekoizpen indartsu batek abantaila eta onura asko ekartzen ditu. Europako Batasunak berak ere azkenik hala ulertu duela dirudi. Hirurogei urtez, milaka baserritar txikiren desagerpena eraginez, nekazaritza industrializaziorantz bideratu eta gero, iragan urteko abenduaren 11n —duela hilabete eskas— Europako Komisioak txosten bat kaleratu zuen, eta gertutasuna aldarrikatu. Txostenaren aurkezpenean, Dacian Ciolos Europako Nekazaritza eta Arrantza komisarioak adierazi zuen salmenta zuzena ezinbesteko tresna dela kontinenteko nekazaritzarentzat (zehazki, baserritar txikientzat): ekoizpen aniztasunari eusteko bidea da, baita ekoizpenari balio erantsia—errentagarritasuna— ateratzeko modua ere. Halaber, tokian tokiko ekoizpen kontsumo sistemak garatzeak ingurumenarentzat dauzkan eragin positiboak azpimarratu zituen.

Horrela, Ciolosek Europako Komisioa, estatuak eta tokiko erakundeak animatu zituen gertutasun eskemak aztertu eta garatzera, hori eskatzen baitu Europako gizarteak. Izan ere, zailtasunak zailtasun, azken urteetan salmenta zuzenak gora egin du: geroz eta gehiago, herritarrek kalitatea eta gertutasuna bilatzen dute elikaduran. Askotan, ordea, gaitza izan daiteke inguruko laborariekin harreman zuzenak izatea: kontinente osoan, Batasunaren nekazaritza politikaren eraginez, baserritar askok jarduera utzi dute, ezinean. Beste aldean, baserritar berriek salmenta zuzenerako kanalak moztuta topatu dituzte; merkataritza zentroek hartu dute azoken tokia. Europako txosten berri horrek azaldu duen beste alderdi bat da salmenta zuzenaren tradizioari eusten zaiola, maila ezberdinetan bada ere: batez beste, Europako baserritarren %15entzat salmenta zuzena da merkaturatzeko bide nagusia —Grezian eta Italian, baserritarren %25 inguruk saltzen dute zuzenean beren ekoizpenaren zati handiena; Frantziako Estatuan, %20k; Espainiako Estatuan, berriz, %1ek baino gutxiagok—.

Egoera horri irtenbidea eta ikusgarritasuna emateko, Komisioaren txostenak proposatu du tokian tokiko ekoizpena etiketatzeko sistemak garatzea, kontsumitzaileak begi kolpe batean nahi duen hori topatzeko aukera izan dezan. Ezin utzi alde batera, ordea, ekoizpen eredua ere badela faktore garrantzitsu bat bertakotasunaren ekuazioan: bertakoa izanda ere, zeintzuk dira bere lehengai guztiak kanpotik ekartzen dituen ekoizpen industrial baten onurak? Benetan tokian tokiko elikadura sistemak garatu nahi badira, gizarte osoarentzat elikagai osasuntsuen ekoizpena sustatu nahi bada ingurumena zainduz, aukera bakarra dago: tokian tokiko ekoizpen ekologikoa. Agroekologia, alegia.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.