Elikadura. Eko-tik

Bas(o)ko Ezkurtiarrak

2013ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Aspaldi sartu zitzaigun basalandare jangarrien harra. Poliki ikasiz joan gara, inguratzen gaituzten hainbat landare ezagutzen eta dastatzen, gure elikaduraren parte txiki bat bilakatuz. Ez dugu ulertzen bizitza horren konplikatua izatea, hosto batzuk jateko horrenbeste makina, petrolio, zainketa, arrisku, simaur, produktu... Beste batzuk berez indartsu eta errebelde hedatzen diren artean, asko osasungarriak eta benetan gustura jateko modukoak dira. Ez dugu esango sendabelarrak direnik, botiken lobby-ak konbentzituko dituelako gure Osasunaren Zaindariak horiek ere debekatzeko —asko dira, gero eta gehiago, landare debekatuak—.

Bada orain, ezkurrarekin tematuak gabiltza, euskaldunon benetako jaki tradizionala, osasungarria omen dena, orekatua eta mendiak urtero oparitzen diguna —gorabeheratsu—. Behar duen lan bakarra bildu eta prozesatzea da. Lana da, bai, baina landaketa berrehun urtean behin egiten da gutxi gorabehera; ongarri eta golderik gabe. Urtero-urtero, haziz doan inbertsioa da, eta haren azpian, perretxikoak, basafrutuak, basurdeak… eta egurra.

Gernikan izandako Pozazkunde topaketan, ezkur eta zekale ogia dastatzeko aukera izan genuen, eta ona zegoen. Txipiroi saltsan bustitzeko trinko xamarra, baina ona. Felix Rodrigo Mora historiazaleak ekarri zuen, eta mahaitxo batean bere liburuak saltzen saiatzearekin batera ezkur ogia eskaini zigun. Gerora, bere idatziren batean irakurri diot euskaldunon independentziaren oinarri zela, bisigodo zerealisten erasoen aurrean eusteko adina indar ematen ziguna. Harrezkero, Gernikako arbola eta euskaldunok ikurtzat hainbeste erabili dugunharitzari beste esanahi bat eransten diot; elikadura burujabetasunarena. Gaztelak Amerikan osturiko urrea garraiatzeko hainbeste itsasontzi egin izanak ez zigun gure askatasunean asko lagundu.

Badago lantxo polit bat Dawamoruk argitaratua: Silvestre, comestible y creativo. Ezkurraren eta hainbat basalandareren inguruan errezetak eta aholku praktikoak ematen ditu. Dioenez, urte batzuk darama Galizia inguruan ezkurrekin lanean, eta teoriatik praktikara doan urratsa egin du.

Astrako topaketan sortu zen gaia, marjinalki noski, garrantzitsuak beste gai batzuk baitira, eta gaiarekin batera, asmoa. Datorren udazkenean auzolanean ezkurraren inguruan lan pixka bat egiteko gogoz agertu gara bakan batzuk: Sindikatu Ezkurtiarra. Ezkurrak bildu, lehortu, desmingoztu, eho, sukaldean prestatzeko. Oraindik berde xamar dago gaia, baina udaberria besterik ez da. Animatzen al zara?

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.