Elikadura. Eko-tik

Baserri ekologikoen mundua ezagutu

2014ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ikasteko, bidaiatzeko, beste kultura batzuetan murgiltzeko eta baserri mundua ezagutzeko aukera paregabea da etxalde batean opor batzuk pasatzea. Ohiko turismo bideetatik aldentzen bada ere, eta herrialdeko toki ezagunenak bisitatzeko aukerarik ematen ez badu ere, bizipen sakonago horrek ematen duen esperientzia denbora luzean geratzen da gogoan.

Nahiz eta aspalditik egiten den kontua izan, gaur egun, munduko etxaldeetan trukeak egiteko aukera dago. WWOOF sarea munduan martxan dagoen egitura da. Nekazaritza ekologikoa eta garapen iraunkorra praktikan jartzen duten landa munduko etxaldeak biltzen ditu. Herrialde bakoitzean baserrian boluntarioak jasotzeko prest dauden etxalde ekologikoen gunea da.

Sarean egoteak urteko kuota bat ordaintzea eskatzen du, datu sarearen eguneratzea eta antolakuntzak eskatzen dituen gastuak konpentsatzeko. Behin sareko kide izanda, herrialde horretako etxaldeen zerrenda ematen dute, bakoitzaren ezaugarri eta kontaktuekin. Ostera, norberaren esku dago etxaldea aukeratzea eta baserritarrekin harremanetan jartzea.

Zenbaitek egun batzuk igarotzen dituzte; beste batzuek, agian hilabeteak, eta beste gutxi batzuek, urteak! Baserriko lanetan lagundu behar da, jatearen eta lo egitearen truke. Orokorrean, boluntarioek egun erdiko lanaldia egiten dute, eta atseden eta aisialdirako astia izaten dute.

Bidaiatzeko modu merkea da, baina hori baino interesgarriagoa da jasotzen den esperientzia, jatorriz baserri mundukoa izan ala ez.

Motibazio batek edo besteak bultzatuta, gero eta jende gehiagok aukeratzen ditu mota horretako bidaiak. Bertako familia batekin bizitzeak bertako kultura ezagutzeko eta hobeto ulertzeko parada ematen du. Gainera, hizkuntza bat ikasteko hori da modurik zuzenena, egunerokoan ikasitako hizkuntza praktikan jartzeko. Baserri munduan kokatzera doan gazte horrentzat ere aukera paregabea da bertatik bertara esperientzia hartzeko, lan mundua ezagutzeko eta etorkizunean zerekin aurki daitekeen jabetzeko. Eta, gainera, esperientzia jasotzeaz gain, boluntarioak ere ekarpena egiten du baserritarrak lagunduz.

Hala ere, horrelako esperientzia bat izateko ez dugu zertan oso urrun joan, gure herrialdean bertan hainbat baserri baitaude etxean boluntarioak jasotzeko prest. Harremanetan jartzeko biderik hoberena ahoz ahokoa izan ohi da; lagun edo ezagun baten bidez egindako harremana, gomendatutako lekua… Bestela, lurralde bakoitzean nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteen bidez ere harremanak lor daitezke. Eta horien bidez baserritarrekin harremanetan jartzea lortzen ez badugu, hona hemen WWOOF sarearen Interneteko erreferentziak:

http://wwoofinternational.org/

http://ruralvolunteers.org/WHOSTS/.

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.