Bi saio apuntatu nituen igande gauerako. Kronologikoki lehena Salvados zen, 21:30ean, LaSextan. Eta bigarrena, Andreu Buenafuenteren saio berria, 22:00etan, Antena3en. Azken horretatik hasita, esan, zortzi hilabeteren buruan itzuli dela aurkezlea, Buenas noches y Buenafuente izeneko saioarekin. Antena3era bueltatu ere, etxera —grazia egiten dit: TV3 katalanean hasi zen, eta dozena bat urte eman bertan—. Kuriosoa ere bada: urtebeteko geldialdia iragarri zuen Buenafuentek, LaSexta bertara itzultzeko gero. Eta formatu berri batekin, gainera. Hiruretako bakar bat ere ez du asmatu gizonak.
Eta aitortu behar dut aspertu egiten nauela dagoeneko. Garai batean zuen grazia apurra papur bilakatu da gaur, errepikakorra egiten zait, sorpresarako gaitasuna erabat galduta. Ikusten uzten da, bai, baina ikusiko duzuna aurretik ezagutzen delako ilusio urriarekin. Onena gero etorri da, saioa emititu ondoren: eztabaida sortu da sare sozialetan, ustez sare sozialetatik hartu dituztelako lehen saio horretarako hainbat grazia. Eta, zer demontre, hori bekatu mortala balitz bezala. Zer uste du jendeak egiten dugula denok bada? Zutabe hauek beteta daude besterenak diren baina norberarenak diren graziez. Plagio esaten diote batzuek. Nik nahiago intertestualitatea.
Asperdurak eramanda, hortaz, salto egin nuen atzera, ordu erdi aurretik LaSextan ematen hasiak ziren Salvados hartara. Itxura interesgarria zuen, Poli bueno, poli malo idazpurupean. Gaurkotasun handiko gaia, bistan da, faltan izan nuen Iñigo Cabacasen hilketari buruzko aipamenen bat. Dena den, argigarriak izan ziren Felip Puig Kataluniako barne sailburuarekin eta Sergi Pla polizia autonomikoaren brigada mugikorreko —to, eufemismoa!— komisarioarekin izandako elkarrizketak. Eta polizia kaputxadun baten adierazpenak, esanez berak ez daukala ezkutatzeko ezer.
Igandeko esperientziatik, ordea, zalantza bat geratu zait besteren gainetik: zertan laguntzen dio ekoizle bati bere bi saio egun berean ia ordu berean jartzeak? Jabe berarenak baitira Salvados eta Buenas noches y Buenafuente, El Terrat etxearenak. Kontraprogramazioa ezagutzen genuen, ez nik behintzat modalitate berria: barne kontraprogramazioa. Akaso kontatuko digute inoiz sekretua, aurretik borroka kaindarrek bide bazterrera kondenatzen ez badituzte behintzat.
Komunikazioa. Ekografiak
Barne kontraprogramazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu