Zinema: zazpigarren artea, irudiak mugimenduan baliatuko dituena bizitzaren ñabardurak azaltzeko. Gako sakonak eta konplexuak plano bakar batez irudikatzen dituena. Maila eta geruza anitzez eraikitako elkarrizketak dituena. Istorio umoretsu, tragiko, beldurgarri zein gozagarriak biziaraziko dizkigun artea aletuko duen podcastaren atal berria aireratuko da gaur. Bertan lau buru adimentsu izango ditugu, hausnarketa jantzi eta mamitsuak itauntzeko, zabaltzeko. Atal bakoitzean film berebiziko, konplexu eta sakonenaren giltzarriak azaleratuko dituzte. Jeinuak dira, artistak, jakitunak, adimentsuegiak akaso, logia ezkutuko baten parte ziurrenik.
Zinematografiaren kode ezkutuen estolderietan operatzen duten analista filmikoak dira. Zergatik dira lau mamu harrapariak? Haiek dute erantzuna. Hiru gehi bat, Beatles dortokak. Pizza usaina nabarituko dugu etxetik saioa hasi bezain pronto, Dominic De Coco, Antonio Margarete, Ellen Ripley, sushia eta katu bat. Hamster bat poemak errezitatzen, androide bat, euskal Woody Allen, abiadura handiko busa eta karta astrala. Pelukin Skywalker eta Txerrineitor, Nolan edo halan, sariak banatuko dituzte saio bakoitzaren amaieran. Tortolika hegalarian: Maite Bidarte, Beñat Iturrioz, Oskarbi Sein eta laugarrengo bidaiaria izango ditugu saioaren gidari.
Saioak Bilynch du izena. Diotenez, Donostiako bertsolaria David Lynch zinema zuzendariari ametsetan agertu zitzaion. Geroztik, hilean behin Naiz irratian, zinema sabotatzaileek saioa plazaratzen dute, film bakoitzaren egia berdaderoaz entzuleria askatzezko. Espezismoa, beganismoa, herri naziogintza, genero ikuspegia eta Leireren pastelen errezetak izango dituzte hizpide. Letra oso txikiz oharrak hartuko dituzte kaier tipietan, eta entzun ezin diren tresnak erakutsiko dituzte saioan, guztiz anti-irratifonikoak diren prestidigitazio ariketetan.
Bilynch 70 minutu inguru irauten duen doktrinamendu subliminala da, kasu! Bertatik dagoeneko, Christopher Nolan, Ridley Scott, Jane Campion, Sophia Coppola, Michael Curtiz eta Luc Besson zuzendariak pasatu dira. David Lynchekin harreman telefoniko estua garatu zuten saioan. Eguraldi iragarpen eskasak egiteagatik kaleratu zuten. Igande honetan Alex Garland zuzendariaren Ex Machina filmaz arituko zaizkigu, arratsaldeko zortzitan Naiz irratian, eta nahikoa izango ez balitz: Naiz irratiko webgunean, Ivooxen eta Spotifyn. Kontuz, ez dira fidatzekoak.
HERTZAK
Bai, Ramon!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu