Eider Carton.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Badakizu, mutilak zintzoagoak dira

2012ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Sexuaren arrazoiez aritu gara Elhuyar aldizkariaren azkeneko zenbakian, eta, besteak beste, animalia sexudunak izateak gure espeziearen izaeran eta jokabidean dituen ondorioez. Eztabaida biziak eragiten dituen gaia da maiz. Izan ere, gainerako animalien portaera azaltzeko oinarri biologikoak baliatzeko arazorik izaten ez dugun arren, beste kontu bat da geure buruarekin gauza bera egitea. Artikuluetako batean, Eduardo Fano EHUko psikobiologoak azaltzen du, adibidez, emakumeek eta gizonek ez dituztela arazo eta interes berak, eta, nola, ikerketa batzuen arabera, emakumeek askoz ere errazago barkatzen duten desleialtasun fisikoa gizonezkoek baino. Nonbait, emakumeei min handiago egiten die desleialtasun emozionalak. Fanoren esanean, portaera hori unibertsal bat dela ematen du. «Nahiko unibertsal matxista —dio— baina kontua da eboluzioak ez dituela horrelako gauzak kontuan hartu».

Fanoren aipamen hori etorri zitzaidan burura duela egun batzuk ingeleseko ariketa bat egiten ari ginela; izan ere, esaldi laburrekin deskribatutako ekintza batzuk bikotekidearekiko desleialak ote ziren erabaki behar genuen, eta, hain zen garbia taldea osatzen genuen emakumeen eta gizonen arteko aldea, hain ondo egiten zuen bat Fanok deskribatutako patroiarekin. Jakina, sei lagunek osatutako talde bat ez da ezeren froga. Anekdota hutsa da. Aitzakia bat, asko jota, bi ugal zelularen asimetriatik portaera sozial konplexuetara dagoen bideaz eta haien arteko loturaz aritzeko. Asimetria horretatik eratortzen da gurasoetako bakoitzak ondorengoetan egiten duen inbertsioa desberdina izatea, eta hori da soziobiologoek edo Fano bezalako psikobiologoek egiten duten lanaren abiapuntuetako bat, sexu bidez ugaltzen diren beste bizidunetan bezala gizakietan ere.

Alabaina, gure historia ebolutiboaren eta zerizan biologikoaren emaitza garela esatea errazagoa da bere osotasunean onartzea baino. Zalantzarik gabe, mundu-ikuskera erlijiosoa izan eta gizakia apartekotzat jotzen dutenenentzat. Baina baita beren burua sokaren beste muturrean kokatzen dutenentzat ere. Azken horiek, kulturari eta ikasketa-prozesuei soilik egotzi ohi dizkiete pertsonon portaerari loturiko ezaugarriak; kasu honetan, gizonen eta emakumeen artean izan litezkeen desberdintasunak. Besterik esatea berdintasunaren eta giza eskubideen izenean baztergarri jotzen ditugun jokabideak justifikatzea balitz bezala. Biologikoa esatea kulturarekiko iragazgaitz, eta, ondorioz, moldakaitz onartzea balitz bezala.

Ez da hala, arrazoi askorengatik. Batetik, gizakiaren zerizan biologikoaren ondorioak errotik arbuiatzea bezain zentzugabea delako haietan oinarritzea gure balio etikoak eta sozialak. Bestetik, ez delako inolaz ere egia osagai biologikoa duten jokabideak kulturarentzat iragazgaitzak direnik. Eta azkenik, soziobiologoen azalpenek espezie sexual eta sozial gisa ditugun ezaugarriak deskribatzen dituztelako, eta ez gutako bakoitza nolakoa den, puntuz puntu. Batak ez baitu bestea kentzen, guztiz bateragarriak dira giza izaeraren biologikotasunarekin bakeak egitea, eta, supermerkatuko ilaran seme-alabez berriketan ari diren bi amateko bati «badakizu, mutilak zintzoagoak dira» entzun, eta sumintzea. Eta kito. Honaino pinguino batzuen aitzakian, narratzaileei buruzko kontuez. Aurtengoagatik. Nik bezala, konpainia onean txistorra dastatuz ospatu behar baduzue munduaren azken eguna —giza izaerari, zeri bestela, zor diogun mundu-ikuskera antropozentriko honekin gauza bera baitira gizateriaren eta munduaren akabera—, on egin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.