Aurtengo udan, igerilekuan, haur bat guregana hurbildu eta, semeak besoetan zeramatzan flotagailu arrosak seinalatuz, hauxe gaztigatu zigun: «Flotagailu horiek neskendako dira!». Ohartu ez bagina bezala. Ez bageneki bezala. Jende normalak hori du amorragarria, irudimen falta. Eginahal handia eginda ere ezin imajinatuko luke arau bat (zernahi den ere) nahita hausten ahal dela, ez ikusiarena edo ez adituarena egiten ahal zaiola aho batez onarturiko ohitura edo joera bati.
«Nireak gizonendako dira!», gaineratu zuen. «Zuk zergatik daramatzazu neskendako flotagailuak?». Faxismoa horrela hasten da: gizonena emaztekiena baino hobea da, neurea zeurea baino txukunagoa eta normalagoa, eta sailkapen hori ez da nire ikuspuntu subjektiboa, egoki eta desegokien arteko bereizte hori informazio hutsa da, munduaren ordena naturala. Mutiko batek flotagailu arrosak jantzi izana hanka-sartze baten ondorioa bertzerik ez da izaten ahal, nori zer dagokion ez jakitearen zoritxarreko emaitza.
Jende normalak hori du gogaikarria: mundua antolatzen duten kategoriak barne-barneraino sartuak dituenez, ezin du bertzerik irudikatu.
«Egun batean, eguna ez den bertze zerbait izanen dugu» idatzi zuen Boris Vianek poema eder batean. Eta bertze batean, hil baino lehen ikusi nahiko lituzkeen gauzen zerrenda egin zuen: «Bi orduko lanaldia, / oinazeen azkena, / haur guziak kontent». Baina, lanaldiak zentzugabe luzatzen ari diren honetan, susmoa dut normaltasuna ere bueltan heldu dela, eta flotagailu arrosak daramatzaten haurrek sufritzen segitu beharko dutela.
Maratila
'Autre chose que le jour'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu