Ziur da, hemen, astigar hitza Astigarragako sagardotegiekin parekatzen dela. Denek ba al dakite zuhaitz baten izenetik datorrela? Kanadako landare ikurra den horrek, negozioaren lege dorpeei jarraikiz, bere gune zabala sagarrondoei utzi al die? Hala dirudi, eta berdin kasu eman behar genuke, biodibertsitatearen galeraz hain zuhurki azken txostenek abisatu gaituztelarik, Astigarragak ohora dezan bere izenak ematen dion zuhaitz horren begiratzearen eginbidea!
Emakumeak kalean protesta egiten abiatzen direlarik botereentzat ez da seinale ona. Hazparnen hori 1784an gertatu zen: Iraultza handitik ez ginen hain urruti. Quebecen herenegun batzuk ikusi ziren, bular biluziak erakusten zituztela manifestaldi erraldoi batean, botereek bideratu unibertsitaterako erreformaren eta errepresioaren salatzeko. Gogoratzekoa da ere Parisko olde feministek halaber egiten zutela noizbehinka 1968ko garaien ondotik. Iraultza beraz bidean dugu Quebecen! Astigar Iraultza deitzen dute, ezin itzulizko frantsesezko hiz joko bat erabiliz, printemps arabe eta printemps érable alderatuz! Zeren eta udaberriak, bere itxaropen, edertasun eta suzko gogoekin, etorkizunaren miraria lorarazten baitu.
Iraultzen udaberri horietan odola isurtzen da ere, bataio ilunak eskainiz. Siriarren zorigaitza begi bistan dugu, estatu handien interesen komediak ezintasun ezin jasana ematen digula. Hemen baztertuen eta langabeen ezin biziak min ematen digu: udaberriaren iraultzaren zain gaude.
Maratila
Astigar iraultza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu