Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Asmatzen ari dira

2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Aizue, ba izango da uda giroak bete-betean harrapatu nauelako, izango da eguzki-beroak kaskoa behar baino gehiago urtu didalako, edo izango da nahi duzuena, baina gustura asko ari naiz ikusten Bizirik saioa. Badakizue, orain astelehenero 500 biztanle baino gutxiago dituzten Euskal Herriko bi herri erakusten dituen programa, Urko Aristik gidatzen duena. Ez dakit, misterio handirik ez du, aurkezle bat joaten da herri pare batera, bertako jendearekin hitz egitera, bertako gauzez, bertako martxaz. Ez dago artifiziorik, ez dago efektu berezirik, ez dago, finean, ezer berezirik. Eta, akaso, hori da programaren gauzarik bereziena, bertute behinena, normal-normal ikusten dela, naturaltasun osoz, aurpegierari keinu estrainioetarako aukerarik eman gabe. Eta ez zait iruditzen meritu makala.

Asmatzen ari dira, nire ustean, aukeratutako herriekin: Elantxobe-Arano, Bastida-Alkiza, Lapuebla de Labarca-Ziortza, Bidegoian-Etxalar, Larraine-Kanpezu, eta Betelu-Zeanuriastelehen honetan. Baten bat kenduta, guztiak ere dira bidaiari herabe honentzat helburu arrotz, eta, hartara, ezagutzekoak. Asmatzen ari dira aurkezlearekin, txukun bere paperean, iaio solas ateraketan, iaio solas emanean, nahiz irrist egin batzuetan —esaterako, Larraineko haurrei, erantzunik jasotzen ez zuenez, frantsesez egiten saiatu zenekoan; ez dut imajinatzen eszena berdina, gaztelaniaz orain, Lapuebla de Labarcan adibidez—. Oro har, baina, chapeau, Aristi. Asmatzen ari dira euskararen herria erakusteko orduan, hain euskaldunak ez diren herriekin —burura datozkit Bastida, Kanpezu—, ausartu egin direlako, eta onik atera, erdara apenas entzun delako, gero eta ohikoago den jardunaren ustezko ezinbestekotasuna agerian uzteko. Asmatzen ari dira, azken batean, kontaketa orokorrarekin, tempoarekin, musikarekin. Eta, onena, ez dizute eskatzen saio bakoitzaren bukaeran ez dakit zer leihaketa txorotan parte hartzeko, sos apurrak sakelako mezu ezin eskandalagarriagoetan xahutzeko. Horrek ere harritzen gaitu egun; onerako, bistan da.

Eta imajinatzen dut —daturik gabe ari naiz orain— hain garestia ere ez dela izango. Alegia, telebista saio kozkorrak egitea eta dirua parrastaka gastatzea —edo hori aitzakia gisa erabiltzea— ez datozela derrigorrean eskutik. Eta gaur eguzki-beroak ez du hain gogor jotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.