Dagoeneko bi aste pasatu dira Lampedusa irlatik oso gertu etorkinez beteriko itsasontzi bat hondoratu zenetik. Dagoeneko bi aste pasatu dira jakin nuenetik ezen bertan hil ziren etorkinei Italiako herritartasuna emango zitzaiela, eta bizirik iritsi zirenei salaketa jarriko zitzaiela.
Europako mugak era ilegalean zeharkatzea debekatuta dago. Delitu larria da.
Bi aste Maratila hau nola ehundu asmatu ezinik.
Ze tonu erabili horrelako berri baten aurrean? Ze testu mota? Ze ikuspuntu?
Oso testu sarkastikoa egin nezakeela otu zitzaidan. Carabinierien eta etorkinen arteko elkarrizketa asma nezakeela otu zitzaidan. Behin eta berriro hasi eta behin eta berriro ezabatu.
Testu neutro bat sortzen saiatu behar al nuen? Ala ironiari tira egin? Nire laguntzaileei —alegia, nire lagun Felixi, nire bihotzeko liburuzainari eta nire mesanotxeko tabernariari— deitu, eta biltzar batean komunikatu bat adostu behar al nuen? Ala, besterik gabe, gaia pasatzen utzi?
Nola egin aurre honi?
Azkenean, nire lagunei hots egin nien.
Tonuarekin ez, baina mezua zehazten izugarri lagundu zidaten.
Europako mugak era ilegalean zeharkatzea debekatuta dago. Delitu larria da salbu eta hildakoentzat. Eta Europako legeak egiten dituztenak putakumeen artean putakumeenak dira.
Lasaitu ederra hartuko dut gaurkoa bukatzean. Eta putakumeei, lasaitua ez, atsedena har dezatela opa diet.
Lampedusako hilerrian, euren herrikide berrien ondoan, esaterako.
Maratila
Asmatu ezinik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu