Bost ataleko telesaila edo bi orduz gaindiko filma, bi eratara uler eta senti liteke Libertad, Enrique Urbizu zuzendari bilbotarraren proiektu berria. Lan sailkaezin horrek telebistako zein zinemako joerak uztartu ditu, eta bi diziplinen arteko muga inoiz baino lausoagoa bilakatu du.
Urbizuk honako hai du ibilbideko bigarren telesaila, baita Movistar Plus plataformarekin lankidetzan osatu duen bigarren egitasmoa ere, 2018an Gigantes plazaratu ostean. Han parte hartu zuten aktore askok berriro partedute orain, baina, duela hiru urteko telesailaren aldean, ausartagoa da Libertad proiektu hibridoa.
Alor formalean, pauso bat harago joan da, eta xehetasunez beteriko lan ikusgarria osatu du Unax Mendia argazki zuzendari gasteiztarrak; Urbizuren kolaboratzailerik gertukoenetako bat izan da azken hogei urteetan. Bi hamarkada horietan, alboan izan du Donostian bizi den Michel Gaztanbide gidoigilea ere. Hura da Urbizuren autoretzaren beste erantzule nagusietako bat, indarkeriari eta botereari loturiko gai nagusiak fintasunez josi dituen idazlea.
Bi hazi emankor horiek zainduz loratu da sortzaile bizkaitarraren nortasun propioa, eta gustukoen dituen elementuak irabiatu ditu proposamen berri horretan ere. Westerna, krimena, abentura eta gogoeta filosofiko andana topatuko dituzte ikus-entzuleek pantaila handian zein txikian; ez, ordea, elkarrizketa esplizituak eta cliffhanger eszenak.Urbizuk narrazio zatikatuaren konbentzioetatik ihes egin du, eta zinemagintza lehenetsi, telebistarako bertsioan ere. Kontaketak kutsu klasikoa du, eta horren erakusle da zer garrantzi duen elementu dramatiko modura Mario de Benitoren soinu bandak.
Libertad historia ariketa bat ere bada, XIX. mendeko Espainian girotuta, eta bidelapurrak, gobernari ustelak eta erreinuen arteko gerrak dira drama honetako protagonistak. Baita Frantziako Iraultza ere. Fikziozkoa da kontakizuna, baina errealitatearen iturritik edan du ezinbestean.
Indarrean dagoen ordena mantendu eta berri bat ezarri nahi dutenen arteko norgehiagoka da ardatz nagusia. Alde biek desiratzen dute askatasuna modu ezberdinean, eta, hein batean, Urbizuk egungo Espainiaren metafora osatu du duela bi mendeko gizartearen erretratua eginda.
Izenburutik hasita, asmo handiko lana da zuzendari bilbotarraren berria. Are gehiago, lotura estua ezarri du nazioarteko zinema zirkuitu independenteko hainbat autore seinalaturekin. Esaterako, Urbizuren Libertad-ek badu antzekotasunik Albert Serra zuzendari kataluniarrak 2019an plazaratu zuen Liberté filmarekin. Batak zein besteak jorratu dituen kontzeptuetako batzuk dira pribilegioak, desirak eta bizitza maldan behera amiltzean sentitzen den bertigoa.
Baina gogoeta arrazionaletatik harago, sentipenek dute indarra Urbizuren lan berrian. Horren erakusle, pertsonaien bidaia ilustratzeko istorioan txertatu duen gaztelaniazko poema: «Aske naiz, ur gardenaren pareko. Horregatik bilatzen naute, bihotza erauzteko. Gizon galdu bat naiz, gorrotoa tarteko. Labana da nire patua, ilargia nire maitalea, gaua nire eguzki bakarra».
'LIBERTAD'
Sortzaileak: Enrique Urbizu.
Aktoreak: Bebe, Xabier Deive, Sofia Oria, Isak Ferriz, Luis Callejo.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 40 minutu.
Generoa: Drama.
Telesailak
Askatasunaren atzaparretan
Enrique Urbizu bilbotarrak 'Libertad' lana bi formatutan estreinatu du, film zein telesail modura. Fikziozko lana da, eta XIX. mendeko Espainian girotuta dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu