Asko entzungo den hitz hutsa bezain garrantzitsua da Big Data. Trata daitezkeen datu multzo handiei egiten die erreferentzia. Datu horien guztien azterketa automatizatuen bidez gauza asko hobetu, ezagutarazi, detektatu... ahal izango direla esaten dute.
Gero eta informazio gehiago daukagu eskuragarri; Linked Data (http://linkeddata.org/) proiektua izan daiteke adibide adierazgarrienetako bat. Zenbait gobernuk ere, datu publikoak trata daitezken formatuetan publikatzeko erabakia hartu dute. Datu horiek guztiak aztertuz eta behar bezala tratatuz zenbait erabaki estrategiko hartzeko lagungarri izan daitezkeela argi dago. Horretaz gain, gertatu diren gauzetatik ikasteko ere balio dezake. Horiek oinarritzat hartu, eta etorkizunean gerta daitezkeenak ere igartzeko.
Batzuen ustez, datu horiek eskuragarri egoteak eta horiekin lan egiteko aukera izateak automatikoki hobekuntzak ekar ditzake jendartean. Nahiz eta datu asko egon, oraindik ere oso jende gutxik erabiltzen ditu jendartearentzako onuragarriak izan daitezkeen gauzak egiteko. Batzuetan ahazten zaigun arren, datuak aztertzeko eta bisualizatzeko gaitasuna duten pertsonak behar dira horretarako, eta ez dira asko. Beraz, lan horiek egiteko beharra handia izan daiteke etorkizunean. Baina big data ez da datuen analisiaren bidez jendartea hobetzeko. Enpresa zentralizatu handiek publikoa, intimoa edota pribatua izan daitekeen informazio asko eskuragarri dute. Kasu gehienetan, guk emandako onespenari esker, horiek erabiltzeko baimen eta erraztasun guztiekin. Horiek ere, datu horiekin guztiekin inteligentzia automatizatua erabiliko dute, eta, horretaz behintzat, jabe izan behar dugu.
Datuen analisia eta bisualizazioa garrantzitsuak izango dira, hori argi dago. Ez dugu hitz berri eta handi baten beharrik hori jakiteko. Hala ere, normalean gure eskalak txikiak izaten dira. Kalkulu orri bat, denbora lerro bat, grafikak egiteko tresnatxo batekin gauza asko egin daitezke.
Datu analisiaren atal garrantzitsuena, hala ere, datu asko edo gutxi izan, datu horiei zentzua emango dioten prozesuetan dago. Datu gehienak formatu semantikoetan eta inteligentzia artifizial sendo batean iritsi artean (eta etorriko da) pertsonek datuen interpretazioak egin beharko ditugu, eta hori arte bat da, datuen artea.
Komunikazioa. Irlen sarea
Artea datuen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu