Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Aro berria eztabaidagintzan

2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Gero eta katigatuago nauka De boca en boca eztabaida saioak. Joan den astean Gipuzkoako zaborren ingurukoa irentsi banuen, asteazken gauean are hunkigarriagoa den gai bat landu zuten: independentzia. Bai, independentzia, besterik gabe; hala zuen izenburua asteazkeneko debateak. Eta independentzia Euskal Herriarena zen, noski, edo Euskadirena, segun eta hizlaria nor zen. Ai, independentzia, gogamen mendreena ere zut jartzen duen zera pasionagarri hori. Beldurtu nintzen hasieran: sei gonbidatuetatik bat bakarra zen euskal independentista argiki deklaratua, Floren Aoiz, bizkartzain gisa independentista katalan bat zuela, Joan Tarda. Gero, egia da bere burua independentistatzat hartu zuela Jose Ignacio Arrieta EAJkoak—existitzen zirenik ere ez nekien—, eta nire beldurrak berdindu egin ziren hiru hiruren aurkako borrokaldi su etenik gabean.

Aitortu behar dut saioak abilezia erakutsi zuela: eztabaidaren lehen 30 minutuak eguneko berriari eskainiak izan ziren, Sorturen legeztatzeari. Baina hasierako ordu erdia iraganda, eztabaidaren zatirik handiena arlo ekonomikoari eskaini zioten: Euskal Herri edo Euskadi independente bat ekonomikoki bideragarri ote litzatekeen, Europatik kanpo geratuko litzatekeen eta abar. Denek aipatu zuten independentismo ekonomikoaren gorakada. Eta beti iruditu zait jasanezina argudio klase hori: zure ondokoak baino gehiago eduki —ustez— eta harengandik banatzea. Horregatik izan nahi dugu euskal herritar?

Politena, hala ere, eztabaidak pasarte batean izan zuen nolabaiteko komunioa izan zen: hain zuzen, Emilio Gebarak esan zuenean gehiengo argi batek banantze prozesu bat abiatu nahiko balu estatuak hitz egin eta akordio batera iristen saiatu beharko lukeela, behar balira aldaketa konstituzionalak eginez. Tardak txalotu egin zion aurrerapausoa. Lastima da Aoizek Ibarretxe plana gogoratu ziola, eta Kataluniako estatutuarekin gertatu zena. Nolakoak diren euskal independentista hauek.

Baina, oro har, eztabaida barea izan zen; garai bateko giro gaiztotua atzean utzita, bakoitzak berea defendatzeko aukera izan zuen —are defendaezina dena ere—. Eta astezkeneko De boca en boca-n aurrerapausorik izan bazen, Gebararen asmo oneko hitzak gorabehera, hori niretzat argiena: aro berria nabari dela telebistako eztabaidagintzan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.