Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Aristi, galtza bete lan

2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Adurizen erdal bertsioa. Euskaraz soilik mintzatu zen Aritz Aduriz jokalaria agurreko prentsaurrekoan, maiatzaren 22an. Hamar minutuko bakarrizketa eginda, zenbait kazetariren galderei erantzunez jo zuen gaztelaniara. REko kirol sailean, keinu anekdotikotzat hartu zuten hizkuntza hautaketa, hamarkadetan egin duten eran. Fuera de fuego saioan Diego Aranbalzak eta Jagoba Arostegik Adurizen gaztelaniazko zenbait adierazpen bere horretan eman zituzten, eta itzuli euskaraz aditu zituzten pare bat gogoeta. Azken emaitza, hamabost minutuko erreportajean: gaztelania nagusi ikusgarritasunean, euskara bazterreko (esaldi bakarra markagailuan).

Fede kontua. Euskararen normalizazioan mantra baten antzera nabarmentzen da kirol idoloen erreferentzialtasun soziala, euskara prestigiatzeko orduan. Kirolarien konpromiso eskasa erabil daiteke aitzakia gisa, baina ez zen Adurizen kasua izan. REn, ordea, beti-betiko moduan jokatu zuten. Ttap aldizkari digitalean Juan Kruz Lakastari apirilean eskainitako elkarrizketan, EITBko irratien zuzendari Urko Aristik adierazi zuen etxe hori kanpotik larrutzea baino eraikitzaileagoa dela barrutik aldatzen saiatzea. Argia denez Aristiren irizpidea EITBko erdal adarrek euskararekin jokatu beharreko funtzioaren gainean, bada, pentsatzekoa da egingo zituela ahaleginak REn azken hiru urteetan erdaldunen artetik erdalduna den kirol sailean euskal kirolariak (futbolariak, pilotariak, arraunlariak…) euskaraz entzun daitezen. Emaitza praktikorik ez dugu sumatu entzuleok, baina pazientzia beharko dugu eduki.

Larrialdian, larritu. Aristik elkarrizketa berean aitortu zuen Zaldibarko krisian Jaurlaritzaren komunikazio politika okerra izan dela euskararen ikuspegitik, eta kexa helarazi ziela agintariei. Bada, organismo publiko bateko zuzendari den aldetik, galtza bete lan ibili behar du egun, osasun krisialdiarekin batera. Maite Artolak seinalatu zizkion nora bideratu kexak (Lanbide, Osakidetza, Ertzaintza…), Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari den Agurne Gaubekarekin Faktoria-n maiatzaren 19an edukitako solasaldian. «Osasun eta segurtasun arloetan, Jaurlaritza eta Nafarroako sailburu eta kontseilarietatik inork ez du gaitasunik, adibidez, gurekin mintzatzeko eta herritarrei erabaki eta gomendioak emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.