Kritika epelegiak idazten ditudala, xaboia emateari uzteko, egurra banatzeko... esan didate Frekuentzien Gerizpean idazten hasi nintzenetik. Kritikagileak ere jakin behar du kritikak jasotzen eta kritikariak ere jakin behar du hanka sartzen duenean onartzen, zuzenketak egiten eta gauzak argitzen.
Lehengo astean Biribilguneak izeneko zutabea idatzi nuen, beno etzanda dagoen zutabea da nirea. KKinzona irratiko Botere guztia biribilguneei saioari buruz aritu nintzen, eta hauxe idatzi nuen: «Euskal Herriaren bukaera iragarri dute Botere guztia biribilguneei saiokoek: jendea 'Ayer subi al Txindo' esaten hasten denean iritsiko omen da». Nonbait, ez nuen ongi transkribatu eurak esandakoa, eta jendea «Ayer subi al Tzindo» esaten hasten denean iritsiko omen da Euskal Herriaren bukaera. Nire belarri finek ez zuten jakin tx eta tz bereizten. Azken aldian Txindokira igotzeko dagoen erromesaldia ikusita, «El Tzindo» hurbilago dago, biribilguneko laugarren irteeran.
Behin gauzak argituta, hitz egin dezagun argiari buruz. Argindarraren prezioa eta tarifen ordutegi berria gai izarra izan da aste honetan irratietan. Adibidez, Euskadi Irratiko Baipasa saioan elkarrizketatu zuten Peru Muniain EHUko Ingeniaritza Eskolako Matematika Aplikatuko Saileko irakaslea eta ikertzailea. Argindarraren prezioa kalkulatzeko eta zeren arabera ezartzen den azaltzeko, hamaika aldagai hartu behar direlako kontuan. Bere azalpenak entzun ahala, etxera iritsi eta argindarraren azken fakturak errepasatzeko ezinbesteko beharra sentitu nuen. Elkarrizketan emandako azalpenek ni ere aditu sentiarazi ninduten, paperak esku artean hartu eta umildu nintzen arte. Elkarrizketa ulertu nuen, fakturak ez.
Irratia ordu txikitan entzutea maite duen jendea dago, argia aurrezteaz haratago. Eta nire lo egin ezin horietan harrituta geratzen naiz goizeko bostetan Euskadi Irratiko Argi ibili saioan izaten duten aldarte onarekin. Herrietako kolaboratzaile sare ezin hobea du Maialen Oterminek. Asteartero, lanean, Juanitak eta Martinek esandakoen errepasoa egiten dugu. Egun horretako agur ofiziala bihurtu da Juanitaren «Egun on denakeri». Proposamen bat hemendik, izenburu hori duen podcasta egin dezatela Juanitak etaMartinek, zer kontatua badute eta.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN
Argia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu