ana galarraga aiestaran
Elhuyar zientzia

Argaltzea, osasunagatik?

2024ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Mijo Lizarzaburu filosofo transfeminista eta ikertzailearen esanetan, lodifobia estrategia politiko bat da, gizartea, eta, bereziki emakumeak, diziplinatzeko. Alderdi askotako arrazoiek berresten dute Lizarzabururen adierazpena, baita zientifikoek ere; adibidez, medikoek eta farmakologikoek.

Esate baterako, British Journal of Sport Medicine aldizkarian duela gutxi argitaratu duten azterketan hori ikus daiteke. Ikerketa zabal batean ondorioztatu dute gaixotasun kardiobaskularrak eta edozein arrazoigatiko heriotza arriskua aurreikusteko bihotz-biriketako egoera iragarle hobea dela gorputz masaren indizea baino (GMI). Indize horrek pertsonaren garaiera eta masa (pisua) erlazionatzen ditu, eta, emaitzaren arabera, erabakitzen da pertsona bat obesoa ote den eta zenbateraino, hain zuzen ere.

Berez, beste parametro batzuekin osatzen da obesitatearen definizioa, baina, oro har, oraindik ere GMIn jartzen dute fokua obesitatearen aurkako politikek, beste aldagai guztiak alde batera utziz. Hala, helburu nagusia erlazio hori aldatzea da, banakoek pisua galtzea.

Orain argitaratutako azterketa horrek, ordea, zalantzan jartzen du GMIn oinarritutako estrategien egokitasuna, frogatu baitute osasunaren ikuspegitik garrantzitsuagoa dela bihotz-biriketako egoera zaintzea, pisua zaintzea baino. Horren haritik, ikertzaileek iradoki dute «ariketa-pilulak» (ariketa fisiko gidatua) eraginkorragoak izan daitezkeela argaltzea baino.

Pilulak erdigunean

Alabaina, bestelako pilula batzuetan jarri dute obesitatea eta hari lotutako arazoak murrizteko itxaropena: GLP-1 errezeptorearen agonistak (Ozempic, Wegovy eta Mounjaro, adibidez). Obesitatearekin erlazionatutako arazo horiek ez dira osasunekoak soilik; Lizarzaburuk esandakoaren bidetik, ekonomikoak eta laboralak ere badira. 

Horren erakusgarri da joan den astean egunkari honek berak iragarritako ikerketa bat, Mounjaro farmakoaren inguruan. Hain zuzen, Erresuma Batuko Gobernuak, Manchesterreko Unibertsitatearen eskutik, doan emango die botika injektagarri hori 5.000 langaberi, besteak beste, ikusteko ea horrekin gutxitzen diren gaixoaldiek eragindako laneko bajak.

Ikerketa horrek eztabaida piztu du, baina eztabaidak harago joan beharko luke, estrategia oinarri-oinarritik baitago gaiztotuta. Bitartean, poliki-poliki, GLP-1 errezeptorearen agonisten kontsumoa igotzen ari da, horien kontsumoa ia ohikoa bihurtzeraino: zortzi heldutatik batek hartu ditu halako botikak, argaltzeko asmoz. Datu ekonomikoek joera hori berresten dute: Global Dataren arabera, produktu arrakastatsuenak dira zazpi herrialdeetan: AEBak, Frantzia, Espainia, Alemania, Italia, Japonia eta Erresuma Batua, eta 2030erako salmentek 100.000 milioi euroko langa gaindituko dutela kalkulatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.