Lagun galegoek barre egin zuten. Galdera ez zen hain burugabea, ustez. Jakin nahi nuen telebista publiko galegotik zer ikus nezakeen, zer egon zitekeen interesgarri, zerk merezi zuen, gero zutabe horizontal honetara ekartzeko. Eta erantzuna izan zen barrea. Tira. Lagunak direlako, bestela... Kontraerasora jo nuen: prentsa idatzian bazirela mugimenduak; Praza publica egunkari digitala, adibidez, Vieiros desagertuaren hutsunea betetzera etorriko dena; edota Sermos Galiza papereko astekaria, A Nosa Terra zarratuak utzitako bidea hartzeko atera asmo dutena. Eta ea telebista publikoan zer, nobedaderik ba ote zen. Erantzuna, atzera, ez al nekien haien telebista publikoa, TVG, hain publiko ez izateko bidean dela.
Kontxo, bai, zer edo zer entzuna nuela, baina azalpen gehixeago emateko. Gauza da popularrek eta sozialistek, bi alderdi nagusiek, lege berria atera dutela aurrera, irrati-telebista publikoen kudeaketa publikoa ziurtatzen ez duena. Eta protestak piztu dituela erabaki horrek. Grebara ere joan omen ziren langileak urte hondarrean, Por unha radiotelevisión pública ao servizo de Galicia lelopean. Argudioak ere badituzte: TVEren ondoren, gehienskaterik ikusiena da Galizian, eta diru gutxien eramaten duen ente publikoa, urtean 36,6 euro buruko.
Programazioaz jakin nahi banuen, entzuteko ondo. Xuntan sartu zenean Feijoo, berehala kendu ziren Banda curta pop saioa, Libro aberto, Planeta cine, Onda curta film baurren programa eta igande arratsaldetako Miraxes magazina. Bost kultura saio, denak ere aurreko legealdian abiatuak, mandatua gogoz hasteko. Orain bi hilabete eskas halaber, mugimendu estrainio bat eman zen: Land Rober, audientzia handienak biltzen zituen TVGko umorezko saioa, kendu egin zuten, aurkezleak beste kate batekin ere kontratua sinatu duelakoan. Ados. Horraino penak. Baina jar gaitezen positibo. Zer ikusiko dut? Burua estutu zuten instant batez lagunek. Ke apur bat ikustea iruditu zitzaidan airean. Tira, ikusi Bem Falado izeneko saioa. Eta hitz beste egin zuten berehala, aspalditik desiatuko balute bezala. Geroztik ikusi ditut programa gutxi batzuk, eguneroko mikro espazio bat da, hizkuntza galegoaren ingurukoa. Ondo dago. Baina lagunek programazio oso batetik bost minutu salbatzen badituzte egunean, amigo, zer edo zer sobera ondo ez dabilen seinale.
Komunikazioa. Ekografiak
'Ao servizo de Galicia'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu