«Nafarroa hain dago ahul fantasiaz... ezen ez dagoen burua altxatuko duen gizonik» Cisneros izeneko Iruñeko kardinala konkistatutako lurraldeko jendearen animo faltaz, 1916an.
Oso bakarrik sentitzen naiz. Nehork ez nau konprenitzen, eta egunak dira Joan III.ak eta Katalina I.ak, gure berezko eta legezko errege-erreginek eskutitzik erantzuten ez didatela. Gaztelarren erasoen larritasuna aipatzen daraiot nafar jende libreari, eta nehork ez nau jarraitzen. Ez zaie injustiziarik inporta, ala? Ez dira beren garaian bizi? Ignoranziaren zaleak! Ez da nafar erresuma osoan nire pesadunbrearen parekorik sentitzen ahal duen nehor. Horregatik hartu dut eskutitz hau eskribitzeko deliberazionea. Frantziatik berorren zalduntasunak akonseja nazan, Parisko duke, Xabierko eta Fiboko zaldun eta Lan-zein-lot-eko ezkutari fidel horrek. Konpreni dezan zeinen den ahula gure erresumaren eta nire osasunaren situazionea.
Gudarako planek ez daraudate bakerik ematen, eta atzo tripak nahasita ukan nituen. Gehiegi edan eta jateagatik? Ez, ez. Leringo kondeagatik izan zen. Ziur naiz. Zerbait bota du ardoan zabar horrek eta horregatik bihotzerrea. Eta ez nintzen koldar inbaditzaileen erasoa sufritutako bakarra izan. Natione erdia dabil flatulazioneak jota, eta, konklusionean, nabaria da min horren atzean badagoela gaztelar konspirazione bat. Eta badira asalto larriagoak ere. Leringo konde zikina! Jauregitik kanpoko nire paseoetako batean nenbilela, hankalatraba egin ez zidan ba! Atzera begiratu, ordea, eta ihes egina zen. Nehork ez zuen ikusi niri hankalatrabarik egiten. Azkarra da gero doilorra!
Gaztelako tropen mehatxuez geroztik, zaildu egin da bizimodua hiruburuan. Eta ez da nire preokupazionea soilik. Aurrekoan borrero bat ikusi nuen bi dukaten truke heresiaz akustatutako gizon bati oin bat mozten. Hori al da gizalegea? Nola onartu halakorik? Bi dukat eskatzea ere! Sikiera beso bat edo hanka osoa balitz... baina ez, ez, oin bakar bategatik eskatu zituen bi dukatak. Ez dakit nora helduko garen. «Ez da eskubiderik», egiten zuen ozen kexu hereseak. Gehiegizko prezioaren kausaz, bistan da. Baina Europako neurriak omen, eta ezin bertzerik egin. Exajerazionea, madarikazionea eta kaguenlazionea.
Hala eta guztiz ere, nire hondar hatsa batu dut, eta azken dei bat egin darauriot erresumari. Nafarroa liberatu beharra dut inbaditzaileen ganik. Nik egin ezean, nehork ez du altxatuko ezpatarik kausa honengatik! Gure jauregiak, gure lorategi erraldoiak, gure palazioak eta gure errege-erreginen berezko pribilegioak defendatu behar ditu nafar nazioneak! A, bai, bai, noski, eta baita bere libertateak ere! Ejem. Bai, libertateak, batez ere. Zaldi gainekoak zein oinezkoak oro deitu ditut gaur 15:00etan Antsoleaga karrikara 1512ko uztailaren 12 honetan.
Argi ikusten dut irudia nire gogoan. Kalea borrokalari fierrez beteta. Denak abil, animos eta jentil; erresumako zaldiak, kanoiak eta artilleria piezak oro kale estuan elkarturik. Oi, zeinen irudi edderra. Ikusiko dute mehatxuzko gaztelar tropa horiek nor garen. Plazer izan ala ez, onartu egin beharko dute hemen natione bat badela. Uxala Iainkoaren gratiaz berorren zalduntasunak ere jiterik balu, nirekin batera nafar gudarosteen gidatzera. Has dadila Nafarroako iraultza!
[Oharra: Litekeena da Antsoleaga kalera joanez gero, zaldi, kanoi eta artilleriarik batere ez biltzea, eta, azken orduko gorabeherak medio, Nafarroako iraultza izeneko ekitaldia, Zaldiko Maldiko elkarteak antolatutako atun janarekin ordezkatu behar izatea. BERRIAk ez du bere gain hartzen programazio aldaketa horien ondorio historikoen ardurarik].
Ezkutuko kronikak
Antsoleagako bataila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu